Dokumentazioa
“Ekonomia Zirkularraren Adierazleak Euskadi 2026” txostenak aurrerapen sendoak erakusten ditu zirkulartasunaren eremu guztietan, materialen efizientziatik hasita eta hondakinen balorizazio materialera iritsiz. Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailari atxikitako Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietateak prestatutako dokumentu honen arabera, Euskadik aurrera egiten jarraitzen du baliabideen erabileran efizienteagoa den eredu ekonomikorako trantsizioan, hondakin gutxiago sortuz eta materialak hobeto aprobetxatuz.
Txostenak eguneratu egin du ekonomia zirkularrak Euskadin duen ezarpenaren jarraipen-panela -panel hori 2018an abiatu zen eta 2021ean eguneratu zen-; beraren bitartez ebaluatzen da lurraldeak egindako aurrerapena, Europar Batasunak eta Euskadiko Ekonomia Zirkularraren 2030erako Estrategian ezarritako helburuei dagokienez.
Dokumentuak materialen, produktuen eta zerbitzuen bizi-zikloari buruzko ikuspegi integral bat eskaintzen du, euskal ekonomian zentratuta, eta horrek ahalbidetzen du zirkulartasunaren adierazle nagusien bilakaera aztertzea, emaitzak europar ingurunearekin alderatzea, eta lehentasunezko jarduera-eremuak identifikatzea, karbono gutxi sortzen duen eta baliabideen aldetik efizientea den ekonomiarantz aurrera jarraitzeko.
Jarraipen-panelak birziklapen-tasen eta materialen erabilera efizientearen bilakaera islatzen du, eta erronkak identifikatzen ditu autosufizientziaren eta udal hondakinen sorreraren esparruetan
Emaitza esanguratsuenen artean, txostenak nabarmentzen du hondakin guztien birziklapen-tasa -hondakin mineral nagusiak kanpo utzita- % 62,7ra iritsi zela 2022an; horrenbestez, tasa hori ehuneko hamar baino gehiago hazi da 2018koarekin alderatuz, eta Europar Batasunean behatutako balioen gainetik jartzen du Euskadi. Horrez gain, ontzien birziklapen-tasa % 89,6ra iritsi da, azken urteetako goranzko bilakaera sendotuz.
Baliabideen erabilera efizientea
Baliabideen erabilera efizienteari dagokionez, euskal ekonomiak hobetu egin du produktibitate materiala, zeren 2022an 3,38 eurokoa izan baitzen kilogramo bakoitzeko; horrekin batera, materialen etxeko kontsumoa murriztu egin da 2018koaren aldean. Bilakaera horri lotuta, BPG unitate bakoitzeko sortzen diren hondakinek beheranzko joera erakusten dute epe luzera, eta horrek islatzen du hazkunde ekonomikoa eta ingurumen-presioa gero eta gehiago desakoplatzen ari direla.
Bilakaera azpimarragarria izan duen beste eremu bat erosketa publiko berdea da, kontuan hartuta hori funtsezko tresna bat dela administrazio publikoetatik ekonomia zirkularra bultzatzeko. 2022an, 2.281 lizitaziotan ingurumen-irizpideak txertatu ziren, 2018an baino % 145 gehiago, mila milioi eurotik gorako bolumen ekonomikoarekin, eta horrek indartzen du sektore publikoak jokatzen duen rol traktorea, jasangarritasun-irizpideak kontratazioan txertatzeari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdearen 2030erako programari esker.
Aurrerapen horiekin batera, txostenak trantsizio zirkularra baldintzatzen dituzten erronka estrukturalak identifikatu egiten ditu. Materialen fluxuen azterketak erakusten duenez, 2022an Euskadin 55,4 milioi tona material prozesatu ziren, eta horien % 67 (37,2 milioi tona) inportazioetatik zetozen, kanpo-mendekotasun handia erakutsiz. Prozesatutako 55,4 milioi tona material horietatik, 14,5 milioi tona erabilera energetikora zuzendu ziren (% 26) eta 26,8 milioi tona esportatu egin ziren (% 48).
Ihobek prestatutako dokumentuak ahalbidetzen du Euskadiko Ekonomia Zirkularraren 2030erako Estrategiarantz zuzendutako aurrerapena neurtzea
Hondakinen eremuan, sortutakoen % 83 ekonomiara sartzen dira berriro, birziklapenaren, berrerabileraren, konpostatzearen edo beste balorizazio-operazio batzuen bidez; udal hondakinen birziklapen-tasa % 37an mantentzen da, hau da, oraindik oso urrun dago datozen urteetarako Europak ezarritako helburuetatik. Era berean, hor dirauten hondakinen fluxu espezifiko batzuei eta lehengaien arloko autosufizientziari lotutako erronkek. Elikagaien hondakinei dagokienez, txostenak adierazten du 111 kilogramo direla pertsona bakoitzeko, 2022ko datuen arabera.
2000-2012 aldian, udal hondakinen biziklapen-/berrerabilera-tasa hazi egin da, % 22tik % 37ra pasatuz, guztira tratatutako bolumenetik (195,5 kilogramo pertsona bakoitzeko), birziklapena tratamendu nagusi bezala finkatuz. Nolanahi ere, ez da desberdintasun esanguratsurik ikusi 2018ko zifren aldean, urte hartan tasa % 37 baitzen.
Txostenaren helburua: ekonomia zirkularragorako bidea ebaluatzea.
Ekonomia Zirkularraren Adierazleen txostenak ahalbidetzen du ekonomia zirkularragoaren bidean Euskadin egindako aurrerapena ebaluatzea, ekonomia zirkularraren elementu nagusiak islatzen dituen adierazle-multzo batetik abiatuta; izan ere, horrek errazten du ekintzen eraginkortasuna ebaluatzea, jardunbide egokiak identifikatzea eta neurri berrien balizko beharra detektatzea. Orobat, jarraipen-esparruak ahalbidetzen du alderaketa bat egitea Europar Batasuneko estatuekin, adierazleak aldizka eguneratzea eta denbora-serieak egitea, euskal ekonomiaren jokabidearen azterketarako duen erabilgarritasuna indartuz.
Ekonomia jasangarrian, produktu, material eta baliabideen balioa ahalik eta denbora luzeenez mantentzen da, eta hondakinen sorrera ahalik eta gehien murrizten da; beraz, ekonomia horretara zuzendutako trantsizioa funtsezko ekarpen bat da karbono gutxi sortu eta baliabideen erabileran efizientea den ekonomia lehiakor eta zirkularrerako, eta, gainera, aukera bat da ekonomia eraldatzeko, enplegua sortzeko eta abantaila lehiakor jasangarriak ekartzeko, Itun Industrial Garbiaren helburuekin bat etorriz.
Iturria:Ihobe