Skip to main content
2026ko otsailaren 12a
  • Tokiko jasangarritasun

Emisio Gutxiko Eremuko lantaldeak laugarren bilera egin du

Emisio Gutxiko Eremuko lantaldeak laugarren bilera egin du
Ihobek sareko Idazkaritza Tekniko gisa sustatutako Udalsarea 2030en Emisio Gutxiko Eremuko (EGE) lantaldeak laugarren bilera egin du, eta Bilboko, Gasteizko, Donostiako, Getxoko eta Irungo udaletako ordezkariek eta EUDELek, Eusko Jaurlaritzako Airearen Kalitatearen Sailak eta FEMPek (Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioa) ere hartu dute parte.

Taldearen helburua Udalsarea 2030en esparruan, Emisio Gutxiko Eremuak diseinatzeko eta ezartzeko prozesuan sortzen diren esperientziak, oztopoak, mugak edo arazoak partekatzeko espazioa eskaintzea da.



EGEren Taldea osatzen duten EAEko udalen ordezkarien aldetik, Irungo Udalak azaldu zuen Eusko Jaurlaritzak neurketa-estazio bat laga duela, eta lau hilabetez egongo dela martxan airearen kalitatearen karakterizazioa egiteko. Estazio horien osagarri diren beste sei neurgailuren lizitazioa ere egiten ari dira, eta mugikortasunaren eta trafiko motaren azterlana egin dute. Horrekin guztiarekin, udarako amaitu nahi dute erdigunea diagnostikatzeko eta ezaugarritzeko fasea, trafikoa, mugikortasuna, zarata eta airearen kalitatea barne.

Gasteizen ordenantza zehazteko fasean daude. Trafikoaren eta TAOren ordenantza aldatu behar da, EGEn egoiliarrentzako gune esklusiboa egokituko delako. Ordenantza egiteko Next Generation funtsak erabili ahal izango dira.

Getxoko Udalak balizko bi EGE diseinatu ditu (Areeta erdigunean eta Algorta erdigunean), eta orain horietako bakoitzarekin zer adierazle eta hobekuntza lor ditzaketen modelizatu gura da, mugen eta murrizketen hainbat aldaketa kontuan hartuta. Datuak eskuratzeko airearen kalitatea neurtzeko lau estazio instalatu dituzte.

Donostiako Udalaren kasuan, bi fasetan ezartzea aurreikusi da. Lehenengoak ordenantza indarrean sartu eta lehenengo 3 urteak hartuko ditu, urte honen amaierarako aurreikusten da eta ez zaie etiketarik gabeko ibilgailuei sartzen utziko; eta bigarrena, denbora hori igaro ondoren, B etiketa duten ibilgailuak ere ez dira sartuko.

Bilboko Udalak EGE proiektuaren eta ordenantzaren beraren aurkezpen zehatzagoa egin zuen. Ordenantza bi fasetan ezarriko dela azaldu zen. Hasiera batean, etiketarik gabeko ibilgailuak ezin izango dira sartu, eta ordenantza indarrean sartu eta urtebetera, murrizketa B etiketa duten ibilgailuetara zabalduko da.

Proiektua eta ordenantza jendaurreko aurkezpen fasean daude gaur egun, eta urtearen erdialdean indarrean jartzea da asmoa.



Valladolideko Udaleko ordezkariek –Roberto Riol, Hiri Mugikortasuneko Departamentukoa, eta Andrés Hergueras, Ingurumen Zerbitzukoa– hiriaren errealitatea azaldu zuten. 300.000 biztanleko udalerria da, 23 udalerrik osatzen duten metropoli-area du, horrela 415.000 biztanlera helduz, eta 600.000 pertsonako eremu ekonomikoa. Beraz, logela-herrietako udalerriek eta administrazio-beharrek eragin handia dute bertako mugikortasunean.

EGE ezartzeko bideari ekin ziotenean, parke zirkulatzailea aztertu zuten, eta ikusi zuten etiketarik gabeko ibilgailuak % 16 zirela, eta % 35ek B etiketa zutela. Gainera, gune urdinean aparkatzen zuten autoen azterlana egin zuten, eta datuak parke zirkulatzailekoaren oso antzekoak izan ziren.

Valladolideko EGEk kilometro karratu bateko eremu txikia hartzen du (hiriaren azaleraren % 5a), baina oso murriztailea da ordutegiei eta baldintzei dagokienez. EGEren mugaldetik zirkulatu ahal izango da.

Hala, Valladolidek hainbat salbuespen izango ditu, eta faseka ezarriko da (2025, aurreikusitako ordenantza: etiketarik gabeko ibilgailuentzako murrizketak; 2026: etiketarik gabekoentzako eta B etiketa dutenentzako murrizketak; 2027: etiketarik gabekoentzako eta B eta C etiketak dituztenentzako murrizketak; eta 2030ean eko eta 0 ibilgailuak bakarrik sartuko dira). Arian-arian, luzamenduak ere desagertzen joango dira.




Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko urtarrilaren 15a
  • Tokiko jasangarritasun
Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeek ehundik gora proiektu jarri dituzte abian beren inguruneko ingurumena hobetzeko
2025eko irailaren 24a
  • Tokiko jasangarritasun
Beste laguntza deialdi bat, toki erakundeek Euskadin trantsizio jasangarria bultza dezaten
2025eko irailaren 18a
  • Tokiko jasangarritasun
LIFE OCTOPUS proiektu europarrak bere aurrerapenak ebaluatu ditu lehen topaketa batean Varsovian
2025eko irailaren 17a
  • Tokiko jasangarritasun
Eusko Jaurlaritzak garapen jasangarria sustatzen duten ekintzak egiten dituzten erakundeei diruz laguntzeko aginduaren aurkezpena egin du