- Ekonomia zirkularra
- Ekodiseinua
Europako borondatezko sistemak, Europako etiketa ekologikoa eta EMAS ingurumen-kudeaketarako sistema, gorantz jarraitzen dute Euskadin
Bestalde, Europako Etiketa Ekologikoak, ingurumena errespetatzen duten produktuak aitortzeko eta identifikatzeko Europako sistema ofizialak, jada 405 produktu ditu 10 kategoriatan. EMAS Ingurumen Kudeaketarako Sistema ingurumen-portaera hobetu nahi duten enpresei eta erakundeei zuzendutako EBko borondatezko mekanismoa da, eta gaur egun 93 erregistro ditu.
Europako Etiketa Ekologikoa
Etiketa ekologikoak bizi-ziklo osoan ingurumen-inpaktu txikiagoa izateagatik nabarmentzen diren produktuak eta zerbitzuak sustatzen du. Era horretara, baliabideen erabilera eraginkorra lortzen laguntzen du, bai eta ingurumenaren babes-maila handia lortzen ere.
Ingurumenaren ikuspuntutik ekologikoak diren produktuak edo zerbitzuak identifikatzeko modu erraza eta zuzena da, oinarri zientifikoa duen informazio zehatz eta egiatian oinarrituta.
Ingurumena errespetatzen duten produktuak eta zerbitzuak etiketatzeko sistemak gaur egun etiketa ekologikoaren 58 ziurtagiri ditu Euskadiko enpresen 405 produkturentzat, dauden 24 kategoriatako 10etan.
2022an, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak kudeatu du etiketa ekologikoaren 7 ziurtagiri lortzea, berritzea edo eguneratzea, eta 7 enpresa ezberdinen 5 kategoriatako 48 produktu edo zerbitzu ziurtatzea.
Ziurtatutako produktuak
Estatuko gainerako lurraldeekin alderatuta lortutako ziurtagirien kopuruari erreparatuz gero, EAE bigarren dago lortutako ziurtagiri-kopuruan, 58rekin, indarrean dauden etiketa ekologikoen lizentzien % 20 izanik, Kataluniaren atzetik, 82 ziurtagirirekin (guztien % 28).
Etiketa Ekologikoaz ziurtatutako produktuen kopuruari dagokionez, Euskadi hirugarren dago 58rekin (guztien % 14), Kataluniaren (1.258rekin, % 43) eta Aragoiren (516rekin, % 18) atzetik.
Espainiarekin alderatuta, Etiketa Ekologikoaz ziurtatutako produktuen tipologia ezberdinen presentziari dagokionez, EAEk altzariak kategorian ziurtatutako produktuen % 100, turismo-ostatuen % 68 eta paper grafikoaren % 45 ditu. Guztira, 405 produktuak Espainian ziurtatutako 2.899 produktuen % 14 dira.
Europako gainerako herrialdeekin alderatuta, EAEko produktuen eta ziurtagirien pisu erlatiboari dagokionez, txostenaren arabera Europako eremuan etiketa hori duten produktuen % 2,82 da, eta ziurtagirien kopuruaren ehunekoa ere antzekoa da: % 2,9.
EMAS Europako Ingurumen Kudeaketarako Sistema
EMAS Ingurumen Kudeaketarako Sistema Ekokudeaketaren eta Ekoikuskapenaren Europako Erregelamendua da. Europar Batasunak garatutako tresna horrek SGMA (Ingurumena Kudeatzeko Sistema) ezarri duten eta etengabeko hobekuntzarako konpromisoa hartu duten erakundeak aitortzen ditu, auditoria independenteen bitartez egiaztatuta.
Euskadin, gaur egun, 93 erregistro ditu 14 jarduera-sektore ezberdinetan, eta manufaktura-industria eta administrazio publikoa dira erregistro gehien dituztenak, EAEko EMAS erregistroen % 37 izanik.
2022an, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 8 erakunde berri erregistratu ditu EMASen, eta 10 sektoretako 29 berritu ditu.
Euskadi, estatua eta Europa
Euskadi, 93 erregistrorekin, Estatuan erregistratutako erakunde kopuruaren arabera bosgarren erkidegoa da. Ziurtagiri horiek guztien % 9 dira, Kataluniaren (259 ditu, % 25), Galiziaren (132 ditu, % 13), Madrilen (125 ditu, % 12) eta Kanariar Uharteen (113 diru, % 11) atzetik.
Espainiako EMAS erregistroen guztizkoari dagokionez administrazio publikoa eta eraikuntza dira EAEn erregistro gehien dituzten sektoreak, % 21 eta % 19, hurrenez hurren.
Europako gainerako herrialdeekin alderatuta, txostenaren arabera gaur egun EAEko EMAS erregistroen kopurua Europa osoko % 2,24 da.
Euskal Autonomia Erkidegoan bi arlo horietan eskumena duen organoa Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila da, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzaren bidez. Ihoberen, Eusko Jaurlaritzako ingurumena kudeatzeko sozietate publikoaren, eginkizuna Sailari borondatezko tresna horien izapideetan laguntzea da.
Iturria:Ihobe
.png)