Skip to main content
2026ko azaroaren 21a
  • Klima aldaketa
  • Moldaera

Euskadik klima-egokitzapenaren alde egiten duen lana Brasilgo COP30en gaur aurkeztuko den BBCren serie berri batean islatuko da

Living legacy

Elkarrekin hazi ote daitezke giza gizarteak eta natura? Galdera hori da BBC-Erresuma Batuko irrati, telebista eta internet zerbitzu publikoak ekoiztutako serie berriaren ardatza -serieak Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundearen (UICN) bermea du-. Living Legacy (ondare biziduna) izenburupean, serie berri horrek esploratzen du nola lagundu dezaketen naturaren kontserbazioak eta babesak isurketak murrizten, ekonomiak sostengatzen eta pertsonen bizitza hobetzen. Lurraldea klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko xedez Euskadik egindako lana izan da espazio horretan sartzeko aukeratutako esperientzietako bat; espazioa gaur aurkeztuko da jendaurrean COP30en, hau da, Brasilgo Belém hirian azaroaren 10etik 21era bitartean egiten ari den Klimaren Goi Bileran.

Living Legacy serieak Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundearen (UICN) bermea du, eta 15 herrialdetan filmatu da

15 herrialdetan filmatuta, Living Legacyk kontserbazioari buruzko istorioak nabarmentzen ditu, eta baita ingurumen-arazoei emandako soluzio inspiratzaileak ere, bizipen pertsonaletatik ikusita. Kenyako mangladietako zaindariekin hasi eta Ozeano Bareko marrazo baleen ikertzaileekin bukatuz, serieak nabarmendu egiten ditu mundu naturala mantentzea, lehengoratzea eta berarekin berriz konektatzea helburutzat duten komunitateak. Naturan zentratutako narrazio zinematografiko baten bitartez, Living Legacyk hausnarketa egitera gonbidatzen du publikoa, naturarantz begiratzeak etorkizun erresilienteagoa eraikitzen lagundu dezakeela ikus dezaten.

Seriearen trailerraren narrazioa Jane Goodall doktore eta etologo zenak egiten du, eta bertan eskaintzen du serie berri honen kapitulu bakoitzean ikusi ahal izango denaren ikuspegi orokor bat, naturarekin modu harmoniatsuan lan egiten duten pertsonak eta komunitateak nabarmenuz. 

Euskadiren kapitulua Bermeon filmatu da, eta beraren ardatz nagusia da Life Urban Klima 2050 proiektuaren barruan Tonpoi aldean egindako eraldaketa, kostaldea klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko ekimenen adibide gisa

UICNko zuzendari nagusi Grete Aguilarren hitzetan, “istorioek eta narrazio inspiratzaileak badute geu hunkitzeko eta batzeko ahalmena, eta baita mugetatik hara doazen aldaketak bultzatzeko ere. Serie honek erakusten digu naturaren kontserbazioak benetan funtzionatzen duela, zeren onura erreal eta ukigarriak ekartzen baititu, bai pertsonei eta bai ekosistemei. Orobat, agerian uzten du Lurrean guztiok osatzen dugun bizitza-sare bakarra dagoela, eta beraren babesaren alde elkarrekin lan egiteko inspiratzen gaitu.

Tonpoi lehengoratzeko ekimena, Bermeon

Klima-egokitzapenaren adibide gisa Euskadik egindako lana jorratuko duen kapitulua Bermeon filmatu da, eta bertan Tonpoi aldearen berreskurapena aztertzen da, kostaldea lehengoratzeko jardunbide egoki gisa aurkeztuz.

Urdaibaiko Biosfera Erreserban kokatuta, Natura 2000 Sarearen ondoan, Tonpoi aldea eraldatu egin da, eremu degradatu batetik abiatuta, kostaldearen lehengoratzea klima-aldaketara egokitutako eredu baten bidez eginez. Esku-hartze horri esker, itsaslabarrak egokitu ahal izan dira bertoko espezieekin, eta biodibertsitatea hobetu ahal izan da, mikro-habitatak sortzearen bitartez; orobat, oinezkoentzako bidezidorrak sortu dira, tokiko komunitateari klima-aldaketaren ondorioen aurrean erresilientea den berdegune irisgarri bat eskaintzeko.

Espazio berri horren helburua da esploratzea nola hazi daitezkeen elkarrekin giza gizarteak eta natura, soluzio inspiratzaileen balioa nabarmenduz

Esku-hartze hori Life IP Urban Klima 2050 proiektuaren baitan garatu da -proiektu hori Eusko Jaurlaritzak bultzatzen, du Ihobe sozietate publikoaren bide, hogei bat erakunderen sostenguarekin-. Horri esker lortu da espazio hori berreskuratzea, hiri-inguruneko azpiegitura berde gisa eta klima-babesleku gisa, behar ekologikoak eta sozialak orekatuz. 

Tonpoiko esku-hartzea material naturalekin eta jardunbide jasangarriekin diseinatu da, eta barne hartzen du bertoko ehun zuhaitz eta 1.200 zuhaixka landatzea. Hiru habitat biziberritzeaz gain -kostaldea, landazabal atlantikoa eta kantauriar artadia-, mikro-habitatak ere sortu dira tokiko biodibertsitatea sustatzeko. Esku-hartzea osatzeko, kostaldeko kaletara iristeko bidezidorrak egokitu dira, herritarren gozamenerako.

Istorio guztiak ikusgai daude webgune honetan: http://livinglegacycollection.com


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko ekainaren 8a
  • Klima aldaketa
Hasi dira LIFE IP ip urban klima 2050 eskuhartzearen obrak Zarauzko malekoian
2026ko ekainaren 5a
  • Klima aldaketa
  • Ingurumen-hezkuntza
Ekoetxea Urdaibaik klima-aldaketak lurraldean dituen kausak eta ondorioak ulertzeko erakusketa iraunkor berria inauguratzen du
2026ko apirilaren 21a
  • Klima aldaketa
Euskadik ekintza klimatikoari buruzko LIFE proiektuen Europako topaketa hartzen du
2026ko otsailaren 26a
  • Klima aldaketa
Europako Batzordeak Bilboko itsasadarraren ingurunea klima-aldaketara egokitzeko BIK 2050 proiektua babestu du