- Herritarren ekintza
Ihobek 7R+1 gida jarri du ikastetxeen eskura, hondakinak prebenitzera bideratutako ekintza berriak inspiratzeko
2026ko Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea (EWWR) dela eta, Ihobek, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, “7R+1: Nahikotasun materiala” dokumentua jarri du ikastetxeen eskura. Dokumentu hori hondakinen prebentzioa eta baliabideen erabilera arduratsua sustatzeko ideiak, jarduerak eta proposamen praktikoak biltzen dituen hezkuntza-baliabidea da.
Dokumentuak nahikotasun materiala lantzeko eta kontsumo arduratsua sustatzeko proposamen praktikoak eskaintzen ditu, Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen (EWWR) esparruan.
Gida irakasleentzako eta hezkuntza-komunitatearentzako inspirazio-iturri gisa sortu da, aurtengo edizioko leloa (“Nahikotasun materiala”) ikasgeletara eramateko tresnak eskaintzen ditu, eta zenbat kontsumitzen dugun, benetan zer behar dugun eta eskuragarri ditugun baliabideak hobeto nola aprobetxatu ditzakegun eta hondakinen sorkuntza jatorritik nola murriztu dezakegun hausnartzera gonbidatzen du.
Dokumentuak hiru erre izenekoen (gaztelaniaz murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea adierazten dutenen) ikuspegi tradizionala zabaltzen du eta jarduteko modu berriak gehitzen ditu, hala nola gure kontsumo-ohiturak birpentsatzea, objektuak konpontzea, berritzea, hondakinak behar bezala biltzea eta produktuak berriz diseinatzea, jasangarriagoak izan daitezen.
Gogoetatik ekintzara igarotzeko ideiak
Argitalpenak Lehen eta Bigarren Hezkuntzara egokitutako proposamenak biltzen ditu, eta baliagarriak izan daitezke Hondakinak Prebenitzeko Europako Astean jarduerak antolatzeko inspirazio-iturri gisa. Haien artean, materialei bigarren bizitza emateko ekimenak planteatzen dira, hala nola erabiltzen ez diren ontzi eta objektuekin musika-tresnak sortzea edo ehun-gaiak berrerabiltzeko tailerrak antolatzea, arropa zaharrak produktu berri bihurtzeko. Era berean, eguneroko objektuak (motxilak, estutxeak, jostailuak eta abar) berrasmatzeko jarduerak proposatzen dira, eskuragarri dauden baliabideak aprobetxatzeko eta erosketa berriak saihesteko.
Beste proposamen batzuek beren kontsumo-ohiturei buruzko gogoeta egitera, publizitatearen eragina eta zaharkitze programatua aztertzera edo ikastetxeetan hondakinak murrizteko eta haien kudeaketa hobetzeko aukerak identifikatzera bideratutako auditoria txikiak egitera gonbidatzen dituzte ikasleak. Gidak, halaber, hezkuntza-gune jasangarriagoak diseinatzera animatzen du, eta hobekuntzak planteatzen ditu ikasgeletan, patioetan eta eremu komunetan, dauden baliabideak berrantolatzearen eta aprobetxatzearen bidez. Jarduera horiek gidan jasotako batzuk baino ez dira, eta gidak, horrez gain, orientabideak eskaintzen ditu ekimenak planifikatzeko, ikasleak eta familiak inplikatzeko, esperientziak dokumentatzeko eta haien emaitzak ebaluatzeko.
Gainera, dokumentuak euskal hezkuntza-curriculumarekiko konexioak ezartzen ditu, eta jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra hainbat ikaskuntza-arlotan txertatzeko aukera errazten du.
Hezkuntza-komunitatearen parte-hartzea bultzatzeko baliabidea
Dokumentuaren zabalkundea eta erabilera errazteko, Ihobek Berritzeguneetara (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren mendeko Prestakuntza eta Hezkuntzaren Berrikuntzan Laguntzeko Zentroetara) bidali du, eta ikastetxeen artean ere banatzen ari da Ekoetxea ingurumen-zentroen sarearen bitartez.
Horren bidez, hondakinen prebentzioa lantzeko tresna berriak hurbildu nahi zaizkie irakasleei, eta Hondakinak Prebenitzeko Europako Astean beren ekimenak garatzera animatu nahi dira ikastetxeak.
Iturria:Ihobe