- Ingurumen-komunikazioa
Ihoberen zuzendari nagusiak 2026ko Ingurumen Komunikazioaren Saria eman dio ETBko “Bizi Natura” programari
Alexander Boto Bastegieta Ihoberen zuzendari nagusiak, joan den azaroaren 4an, 2026ko Ingurumen Komunikazioaren Saria eman zion EiTBren “Bizi Natura” programari, Bilbon egindako Euskal Kazetaritza Sarien ekitaldian.
“Bizi Natura” telebista-programak ingurumen-dibulgazioaren eta -sentsibilizazioaren alde egindako ekarpena aitortzen du sariak. Programak Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren natura-aberastasuna hurbildu die ikus-entzuleei; izatez, programak denbora errealean erakutsi du espazio horretako basa-bizitza, ingurune horretako hainbat tokitan instalatutako 18 kameren bidez.
Brutal Mediak eta BBC Studiosek EiTBrentzat egindako “Bizi Natura” ekoizpena Erresuma Batutik kanpo egindako Springwatch formatuaren lehen egokitzapena izan da. Hiru astez, Urdaibai eta bertako padurak eta ingurunea bihurtu ziren zientzia-dibulgazioa, entretenimendua eta ingurumen-kontzientzia uztartzen zituen telebista-esperientzia baten agertoki.
600.000 lagunek baino gehiagok bat egin zuten Euskal Telebistarekin programa jarraitzeko, eta ETB ON plataforman 12.500 ordu kontsumitu ziren. Ekimen horri esker, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako fauna, flora eta bestelako balio naturalak hurbildu zitzaizkien ikusleei.
Ingurumen Komunikazioko Saria Ihoberen, Euskal Kazetarien Elkartearen eta Euskal Kazetarien Elkargoaren arteko elkarlanaren parte da. Izatez, lankidetza horren helburua da ingurumen-informazioa sustatzea eta ingurumen-erronka nagusien inguruko dibulgazioan eta sentsibilizazioan laguntzen dutenen lana aitortzea.
Euskal Kazetaritza Sarien XV. edizioak beste sari hauek ere eman zituen: Olatz Barriuso Santamariari 2026ko Euskal Kazetari Saria; Nieves Concostrinari Adierazpen Askatasunaren Jose Maria Portell Saria; Santiago Segurolari Ibilbide Profesionalaren Saria; Paco Etxeberriari Pertsonaia edo Giza Instituzioa kategoriako saria; eta José Miguel Rodríguez Martínezi Fotokazetaritzako Juantxu Rodríguez Saria. Bestalde, Cadena SER irrati-kateko “Las Voces de Kepa Junkera” podcastak jaso zuen Kazetaritza Digitalaren eta Narratiba Berrien saria. Ohorezko Saria, berriz, Mikel Ezkerrok jaso zuen.
Sariak Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak antolatzen dituzte IHOBEen, BBK Fundazioaren, Ihoberen eta Bilboko Udalaren babesarekin.
Iturria:Ihobe