Skip to main content
2026ko irailaren 26a
  • Klima aldaketa

Gobernu subnazionalek helburu klimatikoekin lerrokatu dituzte aurrekontuak

Next Generation

Under2 Koalizioak «Hurrengo belaunaldiko aurrekontuak: Estatuko eta eskualdeetako aurrekontuen eraldaketa zero emisio garbien helburua lortzeko» txostena aurkeztu du gaur. Txostenak ekintza plan bat eskaintzen du gobernu subnazionalek aurrekontu ekologikoak egin ditzaten eta horren bidez gastu publikoa helburu klimatikoetara egokitzen dela bermatu dezaten.

Bero boladek, uholdeek eta aurrekaririk gabeko beste fenomeno meteorologiko batzuek krisi klimatikoaren premia agerian jartzen dute. Gobernu subnazionalek, zeinak munduko gastu publikoaren herena baino gehiagoren erantzule diren, trantsizioa bizkortzeko tresna ahaltsuak dituzte. Txostenak azaltzen du nola klima aurrekontu prozesuetan integratzeak konpromisoak benetako ekintza bihurtzea ekar dezakeen. 

Europako eta Estatu Batuetako 11 estatu eta eskualde aitzindarietatik ikasitakoa oinarri hartuta, txostenak tresna praktikoak eskaintzen ditu, hala nola aurrekontu etiketa ekologikoak, ingurumen gastua etiketatzeko erabiltzen den metodoa, zeinak gobernuaren aurrekontu prozesuetan klima eta ingurumen alorreko iritziak integratzen  dituen. Funtsezko gomendioetako batzuk dira sailen arteko lantalde bat sortzea, aurrekontuko etiketen sailkapenerako sistema garden bat garatzea eta funtsezko sektoreetan aurrekontu etiketa ekologikoen proiektu pilotuak abian jartzea.

Baden-Württemberg, Euskal Herria, Katalunia, Hawaii, Lombardia eta Maryland Under2 Koalizioko gobernuen artean daude. Gobernu horiek beren aurrekontu publikoak eraldatzen ari dira oinarritik ekintza klimatikoak egiteko

Kasuen azterketek agerian uzten dute klima eta finantza ministerioek elkarrekin lan egin dezaketela funtsak berresleitzeko, eta ingurumenerako kaltegarriak diren produktu eta zerbitzuak pixkanaka ezabatu ditzaketela.

Virginia Bagnolik, proiektuen zuzendari seniorrak eta txostenaren egilekideak, honako hau adierazi zuen: «1,5 ºC-ko igoerarekin ez dago etorkizunik tokiko liderrik gabe: aurrekontu ekologikoak egiteko tresnek krisi klimatikoaren aurka dituzten finantza baliabideak modu arduratsuan kudeatzeko aukera ematen diete».

2030era arte soilik bost aurrekontu ziklo geratzen direla, urte horretan emisio globalak %43 murriztu behar baitira 1,5ºC-ko helburuak irisgarri izaten jarrai dezan, txostenak eskatzen du aurrekontu ekologikoko praktikak instituzionalizatzeko eta ziklo politikoetatik harago mantentzeko premiazko neurriak hartzeko.

Hauek dira txostenaren gomendio nagusiak:

Aurrekontu ekologikoa epe luzeko lehentasun eta eztabaidetan integratzeko konpromiso politikoa bermatzea. 

Sailen arteko lantalde bat sortzea, finantza eta ekonomia arloek batera zuzendua, ingurumen eta klima sailen parte hartze aktiboarekin. 

Aurrekontuko etiketen sailkapen sistema gardena garatzea, eskualdeko estrategiekin koherenteak diren eta nazioarteko esparruetan oinarrituta dauden irizpide argiekin. 

Aurrekontu etiketa ekologikoak funtsezko sektoreetan (adibidez, garraioa) probatzea, haien bideragarritasuna egiaztatzeko, oztopoak identifikatzeko eta sailen onarpena lortzeko.  

Under2 Koalizioari buruz 

Under2 Koalizioa 2050ean edo lehenago zero emisio garbiak lortzeko konpromisoa duten estatu eta eskualdeen munduko sarerik handiena da. Munduko BPGren %50 baino gehiago ordezkatzen duten ia 200 gobernu subnazional daude haren barruan. Climate Groupek jarduten du idazkaritza lanetan.

Infografia


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko uztailaren 24a
  • Klima aldaketa
  • Herritarren ekintza
ASTEKLIMA 2026k euren ohiturek kliman eta energian duten inpaktua ezagutzera gonbidatzen ditu herritarrak
2026ko uztailaren 10a
  • Klima aldaketa
  • Hondakinak
Euskal herritarrek 9 tona hondakin baino gehiago bildu dituzte Let 's Clean Up Euskadi! kanpainaren inguruko ekimenetan
2026ko uztailaren 8a
  • Klima aldaketa
  • Hondakinak
Zero Zabor Uretan 2026ko ekimenaren zortzigarren edizioa abian da, eta jarduera berriak eta topaketak izango dira Euskadiko hainbat portutan
2026ko ekainaren 30a
  • Klima aldaketa
BIK 2050 proiektu europar handi baterantz egiten ari da aurrera Bilboko itsasadarra klima-aldaketara egokitzeko