Skip to main content
2026ko azaroaren 2a
  • Ingurumen-plangintza
  • Ekonomia zirkularra
  • Ekodiseinua

Ihobek Ekoeraginkortasunaren Ostegunak-Ekostegunak abiatuko ditu berriro

Ihobek Ekoeraginkortasunaren Ostegunak-Ekostegunak abiatuko ditu berriro
Eusko Jaurlaritzako Ihobe - Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak Ekoeraginkortasunaren Ostegunak-Ekostegunak izeneko jardunaldi teknikoak antolatuko ditu berriro, ekonomia zirkularrarekin lotutako eremuak eztabaidatzeko, hala nola baliabideen efizientzia, hondakinen prebentzio eta kudeaketa edo ekoberrikuntza, honako alderdi hauek kontuan hartuta: legegintzaren eta tramitazio administratiboaren alorreko nobedadeak, Eusko Jaurlaritzaren tresnak, ingurumen-kontzeptu berriak, metodoak eta arau teknikoak, eta merkatuen aukerak eta betekizunak.

Lehenengo Ekoeraginkortasunaren Osteguna-Ekosteguna azaroaren 11n egingo da, eta bertan Euskadiko ETE Zirkularra izeneko ekimenari lotutako diru-laguntzen agindu berria aurkeztuko da. Ekimen horren bidez, ekonomia zirkularra enpresa txiki eta ertainetan integratzearen alde egiten da, euskal ETEen balio lehiakor jasangarria hobetzeko xedez administrazioak Euskadiko ehun industrialaren esku jartzen dituen tresnak osatuz.

Jardunaldian, gainera, Ihobeko pertsonal tekniko espezializatuak argituko ditu diru-laguntzen lerro berri honen inguruan egon litezkeen zalantzak; izan ere, beraren asmoa da ekonomia zirkularraren alorreko metodo eta jardueren aplikazioa euskal enpresa txiki eta ertainetan bultzatzea, gure inguruneko eragileen gaitasunak eta ezagutza aprobetxatuz. Lehenengo Ekostegun honetarako izen-ematea zabalik dago jadanik.

2021eko azken hilabeteetan, Euskadiko ETE Zirkularrerako diru-laguntzen agindu berriari buruzko lehen Ekostegun horrez gain, beste 5 egingo dira:
  • Azaroaren 18an, gai nagusia Europako Etiketa Ekologikoa izango da, Itun Berdearen europar merkatuko funtsezko tresna gisa.
  • Hilabete bereko 25ean, ErP (Energy Related Products) Gida berria aurkeztuko da.
  • Abenduaren 2an, berriz, hondakinak EAEn sailkatzeko gida azalduko da, 1357/2014 Erregelamenduaren arabera.
  • Azkenik, abenduaren 18an, eraikuntza sektoreko ekoeraginkortasunerako gida batzuk aurkeztuko dira.

Ekostegunen helburua da ingurumena euskal enpresa-ehunaren estrategia eta funtzionamendura hurbiltzea, ekoeraginkorragoa, berritzaileagoa eta jasangarriagoa izan dadin, eta, horrekin batera, enpresa-lehiakortasuna hobetzeko kolaboratzea, administraziotik eta enpresa aurreratuen lankidetzarekin, elkarren interesekoa den ingurumen-ezagutzaren transferentziaren bidez; enpresei legedi berrira egokitzen lagunduz; ingurumenaren alorreko irizpide tekniko-administratibo aditua helaraziz; eta enpresa aurreratuenen ingurumen-jardunbide egokiak konpartituz.

Jardunaldiak Ihoberen agendan argitaratuko dira, eta hortik zehaztuko dira jardunaldi bakoitzaren gaiak eta aukera egongo da izen-emateak egiteko. Ekoeraginkortasunaren Ostegunak-Ekostegunak, orokorrean, 10:00etatik aurrera egingo dira ekitaldiaren gauzapenean inplikatutako pertsona guztien kontziliazio familiarra errazteko.

Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko maiatzaren 14a
  • Ekonomia zirkularra
Enpresek ekonomia jasangarriranzko trantsizioa egiteko arriskuei aurrea hartzeko eta haiek kudeatzeko gida argitaratu du Ihobek
2026ko maiatzaren 7a
  • Ekonomia zirkularra
Euskadiko sei industriek ekonomia zirkularraren aldeko apustua erakusten dute, Ihoberen Bermanufakturako Bikaintasunaren Eskuliburu Praktiko berria aplikatuz
2026ko apirilaren 30a
  • Ekonomia zirkularra
Euskadik materialen fluxuak aztertu ditu, eta industriarako funtsezkoak diren baliabideetan kanpo-mendekotasuna duela egiaztatu du
2026ko apirilaren 23a
  • Ekodiseinua
Ihobek eta EHUk ekonomia zirkularrera bideratutako ekodiseinuko prestakuntza berria bultzatzen dute