Skip to main content
2026ko otsailaren 27a
  • Ingurumen-komunikazioa

Ihobek, Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak ingurumen-komunikazioa bultzatzen jarraituko dute Euskadin

Ihobek, Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak ingurumen-komunikazioa bultzatzen jarraituko dute Euskadin

Akordioa gaur goizean sinatu dute Ihoberen egoitzan Alexander Boto Ihobeko zuzendari nagusiak eta Amaia Goikoetxea elkarte profesionaleko presidente eta dekanoak.

Lankidetza horri esker, bi erakundeek jarduerak, tailerrak eta bisita teknikoak antolatzen eta zabaltzen dituzte EKE-KEEko kideentzat, Euskadiko ingurumen-errealitateari buruzko eta eredu ekonomiko jasangarrien onurei buruzko informazioa emateko.

Hitzarmen horren ondorioz, Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak ematen duten Ingurumen Komunikazioko Saria sustatuko du Ihobek

Gainera, akordio horren ondorioz, 2019az geroztik, Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak ingurumen-komunikazioari eskainitako kategoria sartu dute urtero banatzen dituzten sarietan, Euskadiko komunikazioaren profesionalek arlo horretan egindako dibulgazio-lana aitortze aldera.
Iaz, Jokin Aldazabal Euskadi Irratiko Ekosfera programaren arduradunak jaso zuen saria. Izatez, saio horretan, ingurumenari, zientziari eta energiari buruzko gaiak eta albisteak jorratzen dira eta irakurketa kritikoak egiten dira. 2023an, Ramon Bustamante Herri Irratiko esatari eta kazetari beteranoak jaso zuen saria, duela lau hamarkadatik gizarte- eta ingurumen-gaiak jorratzen aitzindaria. Aurreko urteetan, Iñaki Petxarroman (2022), Eva Caballero (2021), Gorka Belamendia (2020) eta Julen Rekondo (2019) saritu zituzten.

Urte honetatik aurrera, bi erakunde horiek bultzatutako sariak Ingurumen Komunikazioko Saria izena hartuko du. Izen berri horrek sariaren bilakaera islatzen du. Orain, komunikazioaren arloko profesionalen lana ez ezik, ingurumen-gaien zabalkundean eta kontzientziazioan ekarpen nabarmena egiten duten hezkuntzaren, zientziaren edo ingurumen-dibulgazioaren arloko beste eragile batzuen lana ere aitortuko da. Sariak ingurumen-komunikazioa nabarmentzen eta baloratzen jarraituko du, baina komunikazioaren forma guztietan.

Ingurumen-komunikazioa prestakuntza-etapatik

Hitzarmen honen barruan, Ihobek eta Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak 2025-2026 ikasturtetik aurrera abian jarriko den beste ekimen bat ere iragarri dute, komunikazio-graduak edo antzeko arloak eskaintzen dituzten Euskadiko unibertsitateekin elkarlanean aritzeko. Helburua da ingurumen-gaietan oinarritutako Gradu Amaierako Lanak sustatzea, eta, horretarako, ikasleek egungo ingurumen-erronkei eta -irtenbideei buruzko ikerketa eta zabalkundea egin dezaten sustatzea.

Lankidetza horren bidez, etorkizuneko komunikatzaileen prestakuntza akademikoa aberasteaz gain, arlo akademikoaren eta profesionalaren arteko lotura indartu nahi da eta, prestakuntza-etapetatik bertatik, jasangarritasunaren inguruko kontzientzia eta konpromiso handiagoa sustatu nahi da.

Helburu partekatua

Euskal Kazetarien Elkartea 1987an eratu zen, eta, orduz geroztik, informazio- eta adierazpen-askatasunaren alde, Euskadiko kazetarien ordezkaritza profesionalaren alde eta kazetaritza- eta informazio-deontologiaren garapenaren alde lan egiten du. Elkargoa, berriz, 2012an eratu zen, Elkartearen ekimenez, lanbidearen arau eta kode deontologikoen defentsa hobea lortzeko helburuarekin. Horrek herritarrei eta haien eskubideei zerbitzu hobea egitea ahalbidetzen du eta, aldi berean, administrazio publikoekin elkarlanean aritzeko bide egokia da.

Bi erakundeek beste ekimen bat jarriko dute abian euskal unibertsitateekin elkarlanean aritzeko eta ingurumen-gaietan oinarritutako Gradu Amaierako Lanak sustatzeko

Ihobe Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailari atxikitako sozietate publikoa da, eta 40 urte baino gehiago daramatza ingurumena hobetzearen alde lan egiten, betiere erakunde publiko eta pribatuekin harremanetan. Bestalde, herritarrak inplikatu nahi ditu lurzoruaren babesean, ekonomia zirkularrean, klima-ekintzan, ingurumen-hezkuntzan eta tokiko jasangarritasunean. Horrela, Euskadiko klima-trantsizioarekin lotzen diren erronka nagusiei heltzen die, eta lurraldearen erresilientzia eta lehiakortasuna hobetzen ditu.

Bi erakundeek, gainera, hedabideetako profesionalen artean ingurumen-komunikazioa sustatzea dute helburu, jasangarritasunaren kultura herritarren artean zabaltzeko funtsezko eragile den heinean.


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko ekainaren 8a
  • Ingurumen-komunikazioa
  • Korporatibo
Ingurumen hezkuntzako konponbide naturalak, ingurumen neurketa eta AA, eta klima aldaketa nola kontatu dira Ihoberen 2026ko udako ikastaroetako ardatz tematikoak
2025eko urriaren 24a
  • Ingurumen-komunikazioa
“Natura bizia” dokumentalak ingurumen komunikazioaren saria jaso du 2025eko Euskal Kazetaritza Sarietan
2025eko irailaren 15a
  • Ingurumen-komunikazioa
Ingurumen-komunikazioaren VII. eskolan kazetaritzak kontsumo-ohiturak eraldatzeko duen eginkizuna aldarrikatu dute
2025eko irailaren 5a
  • Ingurumen-komunikazioa
Daniel Montalvo Ingurumenaren Europako Agentzia (IEA): “Datu solido eta ulergarriak behar dira eredu jasangarriagoak helburu dituen trantsizio sozioekonomikoa azkartzeko”