Skip to main content
2026ko martxoaren 24a
  • Ekodiseinua
  • Ekonomia zirkularra

Ihobek gazteen praktika programa berri bat abiatu du enpresetan ekonomia zirkularreko proiektuak garatzeko

Ihobek gazteen praktika programa berri bat abiatu du enpresetan ekonomia zirkularreko proiektuak garatzeko

Basque Circular Hub, Euskadiko ekonomia zirkularreko zerbitzu aurreratuen zentroak, Ihobe, Eusko Jaurlaritzako Sozietate Publikoak kudeatuta, gazteen praktika programa berri bat jarri du abian, enpresetan ekonomia zirkularreko proiektuak garatzeko. Ikasketa teknikoen tituluak lortu dituzten eta langabezian dauden gazteentzat eta ikasketetako azken urtea egiten ari diren pertsonentzat da, baita beren produktu eta prozesuetan elementu zirkularrak txertatu nahi dituzten enpresentzat ere, aldaketarako palanka bihurtzeko eta merkatu premia berriei ekoberrikuntzaren bidez erantzuteko.

Enpresek ingurumen informazio zehatza izateko gero eta premia handiagoa dute, eta ekimen honek premia horri erantzuten dio. Aldi berean, belaunaldi berrientzako eta Euskadiko enpresentzako aukerak eskaintzen ditu. Azken batean, hiru helburu nagusiri erantzun nahi die: enpresei (bereziki ETEei) neutraltasun klimatikoarekin lotutako erronkei aurre egiten laguntzea, ekonomia zirkularreko proiektuen garapenaren bidez; gaur egun arlo horretan prestakuntza arautua jasotzeko aukerarik ez duten gazteei ekonomia zirkularreko prestakuntza ematea; eta, azkenik, merkatuak ekonomia zirkularrean gaitutako profesionalak edukitzeko daukan beharra asetzea.

Hauek dira programa osatzen duten ekonomia zirkularreko hiru jarduera ildoak:

  1. 1. ildoa. Neurtu - Enpresari aplikatutako ingurumen ebaluazioa: programak 6 gazte langabe jarriko ditu enpresen eskura; gazte horiek gradu teknikoetako unibertsitate titulua dute eta Euskal Herrian bizi dira. Ihobek emandako 80 orduko formazio ikastaroa jaso ondoren, ordaindutako praktikaldia egingo dute programari atxikitako enpresetan; hala, enpresako ekonomia zirkularrari lotutako proiektuetan txertatuko dira, bai antolaketa ikuspegiarekin, bai produktu ikuspegiarekin.

  2. 2. ildoa. Ekodisenatuz - Ingurumen analisia eta produktuen eta zerbitzuen ekodiseinua: programak unibertsitateko 20 gazterentzako plazak ditu. Ikasle horiek gradu teknikoko azken urtean dabiltza eta Euskal Herrian bizi dira. Ihobek kontratatutako arloko espezialistek 60 eskola ordu eman dizkiete, eta, orain, ordaindutako praktikaldia egingo dute programari atxikitako enpresetan, produktu ikuspegi esklusiboa duten ekonomia zirkularreko proiektuetan txertatuta.

  3. 3. ildoa. Murriztearren - Neurtuz eragin: Euskadiko ETE Zirkularrari atxikitako bitarteko eragileei, enpresa elkarteei, klusterrei eta garapen agentziei zuzenduta, baita Basque Ecodesign Centerreko enpresa traktore handiei ere. Helburua da ingurumen metriken kalkulua euskal ETEetan masiboki hedatzea, hala nola karbono aztarnak eta ingurumen aztarnak, deskarbonizazio helburuak ezartzea eta lan ildo posibleen planteamendua egitea. Era horretan, programak gehienez ere 35 gazte langabe –gradu teknikoetako unibertsitate titulua dutenak eta Euskal Herrian bizi direnak– jarriko ditu bitarteko eragileen esku, eta, Ihobek 80 orduko prestakuntza eman ondoren, beren balio kateko ETEek duten karbono aztarnaren eta antolaketarako ingurumen aztarnaren kalkulua, zientzian oinarritutako deskarbonizazio helburuen planteamendua eta helburu horietan aurrera egiteko lan ildoen proposamena egingo dute.

2030eko Euskadiko Ekonomia Zirkularreko Estrategiarekin bat etorrita, enpresa pribatuak dira programaren hartzaileak; bereziki, industria sektoreko ETEak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan badute egoitza soziala edo gutxienez jarduera zentro bat. Eta makineriari eta ekipoei, garraiobideetarako osagaien fabrikazioari, metalaren eraldaketari, kimikari, eraikuntzari, elikadurari eta ontziei lotutako jarduera dutenak lehenetsiko dira.

Programa lankidetza publiko-pribatuaren emaitza da, eta, beraz, honako hauen bultzada jaso du: Eusko Jaurlaritza, Bilboko eta Gasteizko udalak, Deustuko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV-EHU), Mondragon Unibertsitatea, Tecnun-Ingeniaritza Eskola (Donostiako Campusa, Nafarroako Unibertsitatekoa), Nafarroako Unibertsitate eta Tknika-Euskadiko LHren Ikerketa Aplikatuko Zentroa. Gainera, Novia Salcedo Fundazioaren laguntza ere badu. Fundazio hori, hain zuzen, parte hartzaile gazteei jarraipena egin eta laguntza emateaz eta enpresetan tutoreei prestakuntza emateaz arduratuko da.


Informazio gehiago hemen


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko maiatzaren 14a
  • Ekonomia zirkularra
Enpresek ekonomia jasangarriranzko trantsizioa egiteko arriskuei aurrea hartzeko eta haiek kudeatzeko gida argitaratu du Ihobek
2026ko maiatzaren 7a
  • Ekonomia zirkularra
Euskadiko sei industriek ekonomia zirkularraren aldeko apustua erakusten dute, Ihoberen Bermanufakturako Bikaintasunaren Eskuliburu Praktiko berria aplikatuz
2026ko apirilaren 30a
  • Ekonomia zirkularra
Euskadik materialen fluxuak aztertu ditu, eta industriarako funtsezkoak diren baliabideetan kanpo-mendekotasuna duela egiaztatu du
2026ko apirilaren 23a
  • Ekodiseinua
Ihobek eta EHUk ekonomia zirkularrera bideratutako ekodiseinuko prestakuntza berria bultzatzen dute