- Lurzorua babeste
- Ingurumen-plangintza
- Biodibertsitatea
Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen 12.446 lurzatik hartzen dute euskadiko azaleraren % 1,3
Euskadiko azalera osoaren % 1,3 kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak izan dituzten lurzoruak dira, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Elena Morenok Euskadiko lurzoruen ingurumen-egoeraren aurkezpenean gaur emandako datuen arabera, 2019ko Ingurumen Profilean jasotako datuak oinarri hartuta. Profil hori industria-jatorriko kutsadura puntualari buruzkoa da.
Gaur sektore pribatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoko 200 pertsona ingururen aurrean birtualki egindako topaketak Eusko Jaurlaritzaren Irekia webgunean herritarrei irekitako 2030erako Euskadiko lurzorua babesteko etorkizuneko estrategiaren parte-hartze publikoko prozesua aktibatzeko balio izan du.
Beharrezkoak ditugun natura-baliabideen artean, lurzorua da, urarekin eta airearekin batera, gure baliabiderik garrantzitsuena, ingurumenari eta ekonomiari dagokienez garrantzi eta eragin handiko zerbitzuak ematen baitizkigu. Euskarri fisiko soila baino askoz gehiago da lurzorua, gizakiarentzat eta ekosistementzat ezinbestekoak diren baliabide eta zerbitzuen iturria baita", azpimarratu du sailburuordeak.
Lurzoruaren egoerari buruzko ingurumen-txostenak nabarmentzen du Euskadin kutsatuta egon daitezkeen kokalekuen guztizko kopurua 12.448 dela (9.600 ha baino gehiago).
Profilak adierazten du kutsatuta egon daitekeen lurzoruaren % 68 hiri-lurzoruan edo lurzoru urbanizagarrian dagoela. Gainerakoa, batez ere, lurzoru urbanizaezineko kontrolik gabeko eremu zaharretan dago.
Moreno andreak nabarmendu duenez, kutsatuta egon daitezkeen lurzatiak segurtasun-bermeekin erabiltzeko edo bertan jarduketak egiteko gaitzen duten ingurumen-organoak emandako ebazpenen % 70 salbuespenei dagozkie; prozedura berri horrek, izan ere, parte-hartzeak egin diren lurren kopurua igotzen lagundu du.
Ingurumen sailburuordeak zehaztu duenez, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruetan jarduketak egiteko arrazoi nagusiak hauek dira: jarduerak instalatzea edo handitzea (% 37), jarduera behin betiko uztea (% 24), lur-mugimenduak (% 18) eta erabileraren aldaketa (% 16). Ildo horretatik, ikertutako lurzoruen % 82an lurzoruaren kalitatearen aldaketa detektatu da; nolanahi ere, % 1,5 baino ez dira kutsatutzat jo.
Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak berrerabiltzeari dagokionez, Moreno andreak esan du kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen % 20 merkatura itzuli direla aurreikusitako erabilerari dagokionez giza osasunerako edo ingurumenerako arrisku onartezinik ez dagoela bermatzeko behar ziren ekintzak egin ondoren.
Sortutako enpleguari dagokionez, Elena Morenok nabarmendu du Euskadin 40 enpresa egiaztatuta daudela lurzoru kutsatuak ikertzen eta berreskuratzen, 300 pertsonari baino gehiagori lana ematen dietenak. Horrez gainera, 8 ikerketa-talde daude arlo zientifikoan gaiari buruz ikertzen.
2019ko Lurzoruaren Ingurumen Profilak Euskadiko lurzoruaren kutsaduraren arloan egindako ekintzen egoera eta bilakaera deskribatzen eta interpretatzen ditu. Txosten berri hori Ingurumen Sailak urari (2015), aireari (2016), hondakinei (2017) eta klima-aldaketari (2018) buruz egindako profilei gehitu behar zaie.
Lurzoruaren kudeaketa jasangarrirako estrategia
Txosten horren aurkezpena abiapuntua izan da Natura Ondare eta Klima Aldaketa Saileko zuzendari Aitor Zuluetak 2030erako Euskadiko Lurzorua Babesteko Estrategiaren parte-hartze publikoko prozesua aurkezteko. Estrategia hori Irekia webgunean abiatu da, eta Ingurumen Saila duela hilabete batzuetatik ari da prozesu horretan lanean. Estrategiak alderdi hauek lehenetsiko ditu, besteak beste: lurzorua baliabide gisa modu jasangarrian kudeatzea; lurzoruaren kalitatearen aurkako mehatxuei buruzko ezagutza sakona bultzatzea; eta herritarrak sentsibilizatzea, heztea eta prestatzea natura-baliabide hori modu jasangarrian erabil dezaten.Iturria:Ihobe