Skip to main content
2026ko apirilaren 16a
  • Ekonomia zirkularra

Materialen hornidura segurtatzea, autosufizientzia handitzea eta europar produktu jasangarriak bultzatzea, Euskadiko ekonomia zirkularraren 2026rako gakoak

Informe

Materialen horniduraren segurtasuna eta Europan fabrikatutako produktu jasangarrien bultzada -batez ere altzairu eta metalei dagokienez- ekonomia zirkularraren bilakaera datozen urteetan markatuko duten faktore erabakigarri gisa agertzen dira, Ihobek Basque Ecodesign Centerren bidez prestatutako Ekonomia Zirkularreko Ingurumen-zaintza Estrategikoko Txostenak jasotzen duen bezala.

Dokumentu honek 2026. urterako 10 gakoak jasotzen ditu, eta erregulazioaren, teknologiaren eta merkatuaren alorreko erronka nagusiak identifikatzen ditu, hau da, enpresen eraldaketa epe laburrera baldintzatuko duten eta ekonomia zirkularrerako trantsizioa orientatuko dituzten erronkak. Txostenak Ihobek prestatzen du urtero, Basque Ecodesign Centerren bidez; berau lankidetza publiko-pribatuko ekimen bat da, Eusko Jaurlaritzak eta enpresa industrialek bultzatua, helburutzat duena ekonomia zirkularrari buruzko ezagutza sortzea eta Euskadiko enpresen balio-kateetara transferitzea. 

Horniduraren segurtasuna eta materialen autosufizientzia elementu estrategiko gisa finkatzen dira europar lehiakortasun industrialerako, nazioarteko tentsioen aurrean; horiez gain, baina, txostenak baliabide kritikoekiko mendekotasuna eta balio-kate globalen disrupzioak ere nabarmentzen ditu. Jokaleku horretan, ekonomia zirkularra -ekodiseinuaren eta materialen berreskurapenaren bitartez- ez da ingurumen-tresna hutsa, baizik eta baita burujabetza ekonomikorako palanka bat ere.

Ihobek jaso ditu, Ekonomia Zirkularreko Ingurumen-zaintza Estrategikoko Txostenean, euskal enpresentzat 2026ari begira erabakigarriak diren 10 gakoak 

Modu paraleloan, Europako Batzordeak “made in Europe” produktu jasangarrien eskaria bultzatu nahi du, honako tresna hauetan oinarrituz: finantziazio-tresnak; erosketa eta kontratazio publiko berdea; eta, etorkizunari begira, erresilientzia industriala handitzera, kanpo-mendekotasunak murriztera et teknologia garbiak eta karbono gutxiko ekoizpena sustatzera zuzendutako erregulazio-garapenak. Era horretan, europar identitate ekonomikoa indartzen da eta kanpoko produktuekiko mendekotasuna murrizten da; produktu horiek, gainera, normalean ingurumen-betekizun apalagoekin ekoizten dira.

Informazio baliagarrian zentratutako gardentasuna

Horri gehitzen zaio arauak sinplifikatzeko prozesu bat, Europako Batzordeak gidatua, helburutzat duena enpresen gaineko erregulazio-presioa jaistea -batez ere ETEen gainekoa- eta haien lehiakortasunaren alde egitea, Europako Itun Berdetik eratorritako legezko neurrien hedapenak jarraitzen duen bitartean. Alde horretatik, sinplifikazioa eta moratoriak gorabehera, enpresek jarraitu behar dute ingurumen-erregulazio ugaritara egokitzen, besteak beste eremu hauetan: txosten korporatiboa eta arretaz jokatzeko eginbeharra, ekodiseinua eta produktuaren gardentasuna, kontsumitzaileen babesa, deskarbonizazioa eta isurketa industrialen kontrola.

Halaber, txostenak azpimarratzen du ETEentzat borondatezkoa den ESG txostenaren garrantzia, zeren ahalbidetzen baitu haren ingurumen-, gizarte- eta gobernantza-jokabidea ebaluatzea, balio-kate jasangarrietan integratzen laguntzeaz batera; horri esker, errazagoa izango dute finantziazioa eskuratzea eta trantsizio berdeari lotutako merkatu-aukerak izatea. Euskadin, BasquESG programa 2030erako Industria Planaren proiektu eraldatzaileetako bat da. Bere helburua da euskal enpresei txosten hori egiten laguntzea, batez ere ETEei, kontuan hartuta oraingo testuinguruan gero eta presio handiagoa dagoela jasangarritasunerako, eta presio hori aukera bihurtu daitekeela.

Produktuaren eremuan, produktuaren pasaporte digitala abian jartzea funtseko tresna gisa agertzen da gardentasuna, konparagarritasuna eta zirkulartasuna hobetzeko, zeren iraunkortasun, konpongarritasun eta birziklagarritasun irizpideak ezartzen baititu, eta gainera lagungarria da greenwashingaren aurka borrokatzeko eta negozio-eredu zirkular berrietarako aukerak irekitzeko. 

Europa, lehengaien eta teknologien burujabetzarantz

Orobat, Europar Batasuna aurrera egiten ari da bigarren mailako materialen merkatu bateratuaren sorrerarantz, kalitate, trazabilitate eta segurtasun irizpide harmonizatuekin. Horren asmoa da erregulazio-barrerak ezabatzea, birziklapenaren berrikuntza bultzatzea eta europar autonomia estrategikoa indartzea, ekoizpen-sistema erresilienteago, efizienteago eta lehiakorrago bat sustatuz

Prozesu horren barruan, altzairuak eta metalek lehentasunezko izaera hartzen dute, bai europar industrian jokatzen duten rol estrategikoagatik eta bai bigarren mailako materialen eskaintzaren eta eskariaren artean dagoen arrakala ixteko beharragatik, sektorearen lehiakortasuna zirkulartasun-estrategien bidez indartuz. Europar esparruarekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzak Basque Zirkular Metals proiektu eraldatzailea sartu du bere 2030erako Industria Planean, metalgintzako euskal enpresei euren trantsizio zirkularrean laguntzeko xedez.

Produktuaren pasaporte digitala, bigarren mailako materialen merkatu bateratua, finantziazio jasangarria eta digitalizazioa ere zirkulartasuna bultzatzeko faktore gisa agertzen dira

Beste alde batetik, txostenak aipatzen du Europako Batzordea enpresa-aurrerapenaren aldeko programa batzuk bultzatzen ari dela, deskarbonizazioaren eta ekonomia zirkularraren alorretan, proiektu estrategikoen eta finantziazio-mekanismoen bidez, hala nola Europako Lehiakortasun Funtsa eta Europarako Teknologia Estrategikoen Plataforma. Euskadiren kasuan, azpimarratzekoak dira foru aldundien zerga-kenkarien tresna berriak eta Teknologia Garbien Euskal Zerrenda, zeren haien bidez % 35ko kenkariak lortu baitaitezke sozietateen gaineko zergan.

Azkenik, ekonomia zirkularrerako trantsizioak eraldaketa digitalari lotuta joan behar du, besteak beste teknologia hauen bitartez: gauzen Internet (IoT), big data, datuen analitika eta adimen artifiziala. Digitalizazioa txosten korporatibora, produktuaren pasaporte digitalera eta produktu kimikoen etiketatze digitalera hedatzen da, eta lagungarria da merkatu bateratuaren integraziorako, besteak beste tresna hauek erabiliz: ekonomia zirkularraren etorkizuneko erregelamendua eta CBAM sistema digitala, hau da, Karbonoaren bidezko Muga Doitzeko Mekanismoa: Europar Batasunaren neurri bat, inportatutako ondasun jakin batzuen ekoizpenean -adibidez: altzairuaren edo aluminioaren ekoizpenean- isuritako CO₂-ari prezio bat jartzen diona.

Txostenari buruz

Ekonomia Zirkularreko Ingurumen-zaintzako Txostena: 2026rako 10 gakoak izeneko txostenak Ihobek prestatzen du urtero, Basque Ecodesign Centerren bidez; berau lankidetza publiko-pribatuko ekimen bat da, Eusko Jaurlaritzak eta euskal enpresa nagusietako 19 enpresak bultzatua, helburutzat duena ekonomia zirkularrari buruzko ezagutza sortzea eta Euskadiko enpresen balio-kateetara transferitzea. 

Honako hauek dira ekonomia zirkularraren 2026rako 10 gakoak:

  1. Horniduraren segurtasuna eta materialen autosufizientzia

    Europak lehentasuna ematen dio lehengaiak eskuratzeari eta hirugarren herrialdeekiko mendekotasuna murrizteari. Ekonomia zirkularra, ekoidiseinuaren eta materialen berreskurapenaren bitartez, funtsezko tresna bihurtzen da autonomia industriala eta lehiakortasuna indartzeko.

  2. Ekonomia zirkularra burujabetza ekonomikoaren palanka gisa

    Zirkulartasunak uzten dio ingurumen-politika hutsa izateari, zeren europar estrategia industrialean txertatu ere egiten baita, helburu honekin: ekoizpen-eredu erresilienteago bat eraikitzea, baliabideen erabileran efizientea dena eta kanpo-krisien aurrean kalteberatasun txikiagoa duena.

  3. “Made in Europe” produktu jasangarriak bultzatzea

    Europako Batzordeak Europan fabrikatutako produktu jasangarrien eskaria aktibatzearen alde egiten du, finantziazio publikoa eta erosketa eta kontratazio publiko berdea oinarritzat hartuta, ekonomia indartzeko eta kanpo-mendekotasunak murrizteko xedez.

  4. Arau-sinplifikazioa, enpresen lehiakortasuna indartzeko

    Europar Batasunak aurrera egiten du karga administratiboen murrizketan, batez ere ETEentzat, erregulazio batzuen doikuntza eta moratorien bitartez; horren helburua da enpresa-egokitzapena erraztea ingurumen-helburuei uko egin gabe.

  5. Europako Itun Berdearen aplikazio progresiboa

    Erregulazio-doikuntzak gorabehera, enpresek jarraitu behar dute arau berrietara egokitzen, besteak beste eremu hauetan: ekodiseinua, deskarbonizazioa, ingurumen-gardentasuna edo kontsumitzaileen babesa, horrek guztiak markatuko baitu europar merkaturako sarbidea.

  6. Borondatezko ESG txostena, ETEentzako aukera gisa

    ETEek aurrera egiten dute jasangarritasunari buruzko informazio-eredu errazago eta harmonizatuago baten bidean. Euskadin, BasquESG moduko programek ahalbidetuko dute ingurumen-, gizarte- eta gobernantza-jokabidea ebaluatzea eta bezeroen, finantzen eta sektore publikoaren eskakizunei hobeto erantzutea.

  7. Produktuaren pasaporte digitala: gardentasun handiagoa eta greenwashing gutxiago

    Pasaporte digitalari esker, hobeto ezagutu ahal izango dira produktuen jatorria, materialak eta ingurumen-inpaktua, konparazioa erraztuz, kontsumitzaileen konfiantza indartuz eta negozio-eredu zirkularragoak bultzatuz.

  8. Bigarren mailako materialen europar merkatu bat sortzea

    Europa aurrera egiten ari da material birziklatuen merkatu bateraturantz, Estatu kideen arteko barrerak ezabatuz, haien zirkulazioa errazteko, kalitatezko birziklapena bultzatzeko eta autonomia estrategikoa baliabideen erabileran indartzeko.

  9. Altzairua eta metalak, sektore estrategiko gisa

    Sektore metalurgikoa europar estrategia industrialaren erdigunean kokatzen da. Ekonomia zirkularra funtsezkoa izango da bere ingurumen-inpaktua murrizteko eta materialen hornidura bermatzeko.

  10. Digitalizazioa eta finantziazioa, trantsizioaren motor gisa

    Digitalizazioak errazten ditu trazabilitatea, gardentasuna eta arauen betearazpena; europar tresna berriek eta Euskadiko zerga-kenkariek (hala nola Teknologia Garbien Euskal Zerrendari lotutakoa), berriz, enpresa-inbertsioa bultzatzen dute deskarbonizazio- eta zirkulartasun-proiektuetan.


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko maiatzaren 7a
  • Ekonomia zirkularra
Euskadiko sei industriek ekonomia zirkularraren aldeko apustua erakusten dute, Ihoberen Bermanufakturako Bikaintasunaren Eskuliburu Praktiko berria aplikatuz
2026ko apirilaren 30a
  • Ekonomia zirkularra
Euskadik materialen fluxuak aztertu ditu, eta industriarako funtsezkoak diren baliabideetan kanpo-mendekotasuna duela egiaztatu du
2026ko apirilaren 13a
  • Ekonomia zirkularra
Ekosteguna 2026: Ihobek datozen urteetan ekonomia zirkularra baldintzatuko duten arau‑ eta merkatu‑gakoak aurkeztuko ditu
2026ko martxoaren 30a
  • Ekonomia zirkularra
“Ekonomia Zirkularraren Adierazleak Euskadi 2026” txostenak hobekuntzak egiaztatu ditu birziklapenaren, produktibitate materialaren eta erosketa publiko berdearen alorretan