Skip to main content
2026ko ekainaren 26a
  • Tokiko jasangarritasun

Udalsarea 2030ek tokiko erakundeei Emisio Gutxiko Eremuak integratzen laguntzen jarraitzen du

Udalsarea 2030ek tokiko erakundeei Emisio Gutxiko Eremuak integratzen laguntzen jarraitzen du
Ihobek Udalsarea 2030en Idazkaritza Tekniko gisa sustatutako Emisio Gutxiko Eremuen (EGE) lantaldeak bosgarren bilera egin du, eta, beste behin ere, eremu horiek diseinatzeko eta ezartzeko prozesuan sortzen diren esperientziak, oztopoak, mugak edo arazoak partekatu dira, bai eta prozesuan izandako aurrerapenak ere. Oraingoan, Bilbo, Gasteiz, Donostia, Barakaldo, Getxo eta Irungo udaletako eta EUDELeko eta EEE-Energiaren Euskal Erakundeko ordezkariek hartu dute parte.

Udalsarea 2030ek arlo juridikoarekin erlazionatutako zalantza nagusiak aurkeztu zituen.

Airearen kalitatea ona den udalerrietan EGE txiki bat ezartzeko aukerari dagokionez, proiektuak/espedienteak EGEren dimentsioa eraginkorra eta lortu nahi den helburuarekiko proportzionala dela justifikatu behar duela azaldu zen.

Era berean, argitu zen, ibilgailuen ingurumen-sailkapena bezalako arrazoi berri batengatik zirkulazioa mugatzeko tresna arauemaile bat behar dela, baina ez duela zertan EGEren ordenantza espezifiko bat izan behar; adibidez, udalerri batzuek erregulazioa mugikortasun-ordenantza berri batean sartu dute, eta aurretik zegoen ordenantza bat aldatzeko aukera ere azter liteke, hala nola trafikoarena.

Bestalde, adierazi zenez, Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plana (HMJP) EGEren diseinuarekin koordinatzeak koherentzia handiagoa eman diezaieke mugikortasun- eta osasun-politika guztiei, baina juridikoki ez dago HMJPnik gabe edo indarrean dagoena eguneratu gabe EGE proiektua eta ordenantza onartzeko eragozpenik.

EGE ezartzera behartuta dauden udalerriek ere HMJP bat egin behar dute, eta EGE HMJP baino lehenago ezarri bada, azken horrek EGEren erregulazio hori jasoko du, baita etorkizuneko hobekuntzarako ekintzak ere.



Bilboko esperientzia

Taldean parte hartzen duten udalen aurrerapenak mahai gainean jarri ondoren, Bilboko Udalak, Abando eta Indautxu auzoak barne hartzen dituen eta joan den ekainaren 15ean martxan jarri zen EGE ordenantza-proiektua partekatu zuen. Mugatutako ordutegia goizeko 07:00etatik arratsaldeko 20:00etara luzatuko da. Tarte horretan egiten dira joan-etorrien % 80 baino gehiago. Ordenantza bi fasetan ezarriko da: lehenik, etiketarik gabeko ibilgailuentzat, eta, urtebete igarota, murrizketa B etiketara zabalduko da.

Bilbon 186 alegazio jaso dira, eta horietatik 55 osorik edo zati batean baietsi dira. Udalak luzamenduak eta baimenak eskatzeko herritarren arretarako bulego bat prestatu du, eta laster udalaren webgunearen bidez erraztuko da izapideen kudeaketa.


Emisio Gutxiko Eremuko Lantaldearen hurrengo bilera urria eta azaroa bitartean egingo da, eta Emisio Gutxiko Eremua ezarri duten Estatuko beste udalerri batzuetako esperientziak ekarriko ditu.



Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko urtarrilaren 15a
  • Tokiko jasangarritasun
Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeek ehundik gora proiektu jarri dituzte abian beren inguruneko ingurumena hobetzeko
2025eko irailaren 24a
  • Tokiko jasangarritasun
Beste laguntza deialdi bat, toki erakundeek Euskadin trantsizio jasangarria bultza dezaten
2025eko irailaren 18a
  • Tokiko jasangarritasun
LIFE OCTOPUS proiektu europarrak bere aurrerapenak ebaluatu ditu lehen topaketa batean Varsovian
2025eko irailaren 17a
  • Tokiko jasangarritasun
Eusko Jaurlaritzak garapen jasangarria sustatzen duten ekintzak egiten dituzten erakundeei diruz laguntzeko aginduaren aurkezpena egin du