- Ekodiseinua
- Ingurumen-plangintza
- Ekonomia zirkularra
UPV/EHUko Enpresari aplikatutako Ekonomia Zirkularreko berezko Masterraren hirugarren promozioa graduatu da
Ekitaldia Bilboko Ingeniaritza Eskolako Areto Nagusian izan da, eta honako hauek parte hartu dute, besteak beste: Javier Aguirre, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitate eta Ekonomia Zirkularreko zuzendaria; Alexander Boto, Ihoberen zuzendari nagusia; Begoña Etxebarria, Novia Salcedo Fundazioko zuzendaria; Charles Pinto, Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendaria, eta Rikardo Minguez, Ekonomia Zirkularreko Masterreko zuzendaria.
Ekitaldiari hasiera emateko, Begoña Etxebarriak hitzaldi inspiratzaile bat eman du. Bertan, ikasle graduatuek gure erakundeak eraldatzen eta mundua aldatzen jarraitzearen garrantzia adierazi du. Ondoren, master amaierako bi lan onenen aurkezpen laburra egin da. Kalifikazio altuena jaso duen lana Alex Garatek egin du, Ingreen Innovationeko zuzendariak. Ingurumen Iraunkortasuna Aztertzeko Tresna edo Herramienta de Análisis de la Sostenibilidad Ambiental HASI izeneko lana garatu du. Aipamen berezia jaso du, baita ere, Carlota Alfaroren lanak, "Análisis de ciclo de vida (LCA) de la gestión de residuos orgánicos marinos de la región vasco-aquitana" izenburuarekin, ValDesMar proiektuaren esparruan garatua eta Euskampus Fundazioak finantzatua.
.jpg)
Jarraian, diplomak banatu zaizkie graduondoko hau gainditu duten 20 ikasleei. Hirugarren edizio honetako ikasle-profila Ingeniaritzako edo Ekonomiako ikasketak dituen eta 10 urte baino gehiagoko lan-esperientzia duen emakume batena da, baina Enpresen Administrazioa eta Ingurumen Zientziak bezalako arloetatik datozen profilak ere nabarmentzen dira, baita arlo horretan interes berezia duten beste master batzuetatik egin berriak direnak ere. Gehienak lan-jardunean dauden pertsonak dira, ikasketak lanarekin edo masterrak berak antolatutako enpresetako praktikekin konbinatu dituztenak. Praktikak enpresetan (Eroski eta Techfriendly), GGKEetan (medicus mundi Araba), UPV/EHUko Unibertsitate-Enpresa Geletan (Repsol Fundazioaren Trantsizio Energetikoko Gela eta Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Ekonomia Zirkularreko Gela) eta UPV/EHUko ikerketa-taldeetan (Life Cycle Thinking Group eta EHUaztarna, besteak beste) egin dira.
Masterra amaitu duten 20 pertsonek oso positibotzat jo dituzte prestakuntza-programaren ikuspegi holistikoa eta praktikoa, unibertsitateko irakasleek (% 70) eta kanpoko irakasleek ( % 30) osatutako irakasle-taldea, eta euskal industria-ehunean sektore estrategikoetako erakundeen benetako esperientziak aurkeztu izana. Horrek asko erraztu du irakasgaiak irakatsi eta ikastea.
Promozio honetako 20 ikasleek Master Amaierako Lana aurkeztu dute, gehienak enpresetan egindako eta diziplina ezberdinetako irakasleek zuzendutako proiektuak
Ekonomia Zirkularraren arloan graduondoko prestakuntza gutxi eskaintzen denez, duela lau urte Eusko Jaurlaritzak eta UPV/EHUk indarrak batzea erabaki zuten, Ihobe - Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren bidez eta Basque Ecodesign Center osatzen duten enpresekin lankidetzan, eta Ekonomia Zirkularreko formazioa graduondoko honen bidez sustatu zuten. Hasiera batean, unibertsitate-espezialistaren tituluaren formatuan eskaini ziren ikasketak (2019/20 ikasturtea), 2020/21 ikasturteaz geroztik master mailara iristeko, industria-enpresetara bideratutako ikuspegi argiarekin. Master paregabea da, ingeniaritzako alderdi teknologikoak enpresen administrazioko ezagutzekin uztartzen dituelako, ekoberrikuntza, 4.0 industria eta ekintzailetza barne, Ekonomia Zirkularreko proiektu arrakastatsuak garatzeko beharrezkoak direnak.Euskadi, erreferentziazko eskualdea
Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera, Ekonomia Zirkularrak 24 milioi enplegu sortuko ditu mundu osoan 2030. urterako. Europar Batasunak, halaber, Ekonomia Zirkularrarekin lotutako okupazioaren urteko % 0,3ko hazkundea aurreikusten du, hau da, 700.000 lanpostu berri inguru aldi berean.
Euskadik 20 urte inguru daramatza Ekonomia Zirkularraren arloan lanean, une honetan erreferentea izanik, eta Ekonomia Zirkularra gaur egun BPGren % 1,12 da, 764 milioi euroko urteko diru-sarrera gordinekin. Enpleguari dagokionez, Ekonomia Zirkularrarekin lotutakoak EAEko enplegu osoaren % 2,08 dira. Balio hori Espainiakoa eta Alemaniakoa baino handiagoa da, % 2 eta % 1,71, hurrenez hurren.
2023-2024 ediziorako izena emateko epea zabalik dago UPV/EHUren webgunean. Uztailean zehar, batzorde akademikoak aldez aurretik izena emandako ikasleei jakinaraziko die onartuta dauden edo itxaron-zerrendan dauden; izan ere, gaur egun, aurrez izena emandako pertsonen kopurua handiagoa da eskaintzen diren plazen kopurua baino.
Iturria:Ihobe