- Klima aldaketa
Euskadi Climate Change Adaptation Living Lab
Klima-aldaketara egokitzea jada ez da aukera bat, premia baizik. Euskadik gero eta ohikoagoak eta biziagoak diren eta pertsonak, azpiegiturak, jarduera ekonomikoa eta ekosistemak eraginpean hartzen dituzten arriskuei aurre egiteko prestatu behar du. Euskadik, bere 7.234 km²-ko azaleran, kostaldea, estuarioak, ibai-arroak, dentsitate handiko hiri-eremuak, industria-jarduera eta ekosistema kalteberak biltzen ditu. Bere aniztasun geografikoa, dimentsioa eta biztanleriaren eta azpiegituren kontzentrazioa direla eta, beste lurralde askok ere badituzten arazoak beha daitezke eskala maneiagarri batean: itsas mailaren igoera, muturreko olatuak, ibai-uholdeak, euri bortitzak eta bero-boladak. Aurretiaz jarduteak kalteak murriztea, segurtasuna handitzea eta klima-arloko berrikuntzak eskaintzen dituen aukerak baliatzea ahalbidetzen du. Euskadi 2030 Industria Planean jasotako “Euskadi: Climate Change Adaptation Living Lab” proiektu eraldatzailea klima-aldaketara egokitzea euskal herritarren ongizaterako eta lurraldearen lehiakortasunerako inbertsio estrategikoa dela sinetsita sortu da.