Skip to main content
2026ko abuztuaren 10a
  • Ingurumen-plangintza

Erronka Garbiak sendotasuna hartu du 200 ekitaldi jasangarri baino gehiago doan ziurtatu ondoren

Erronka Garbiak sendotasuna hartu du 200 ekitaldi jasangarri baino gehiago doan ziurtatu ondoren
Metodologia hori aplikatuz eta, ondoren, Erronka Garbia – Ekitaldi Jasangarria ziurtagiria lortuz, jarduera jendetsuak egitearekin lotutako inpaktu negatiboak arindu beharraz kontzientziatu nahi dira ekitaldira joaten diren pertsonak eta erakunde antolatzaileak.

Ziurtapena doakoa da, eta ingurumenaren aldetik jasangarriak diren jarduerak sustatzeko konpromisoa duten erakundeen finantzaketa lortzea errazten du

Erronka Garbiak ekitaldi publikoen antolamendu logistikoko lehentasunezko 6 ardatzetan eragiten du: mugikortasuna, energia, ura, azpiegiturak, erosketak eta hondakinak. 2014tik, Ihobek doan ziurtatu ditu askotariko tipologia eta tamainetako ekitaldiak, besteak beste, BBK Live jaialdia, Bilboko Aste Nagusia, Bilbao Exhibition Centerreko Expovacaciones azoka, Gasteizko Korterraza film laburren jaialdia eta Donostiako Cristina Enea Fundazioaren Ingurumen Baliabideen Zentroko erakusketak.

Ihobek diseinatutako metodologia hiru funtsezko zutabetan oinarritzen da: ekitea eta ekitaldiaren jasangarritasuna neurtu eta adieraztea, horrelako jarduera jendetsuak egiten diren ingurunean inpaktu kaltegarriak minimizatzen laguntzen duen prozedura baten bidez. Era berean, ekitaldi baten diseinuan ingurumen-irizpideak sartzeak zenbait onura ekarriko dizkio erakundeari berari, esaterako, uraren eta lehengaien kontsumoan aurreztea berrerabilerari esker, energia-eraginkortasun handiagoaren ondorioz kostuak murriztea eta sortutako hondakinen bolumena txikiagoa izatea, eta horrek, aldi berean, kudeaketa-kostuak aurreztea ekarriko du.

Erronka Garbia – Ekitaldi Jasangarria ziurtagiriak zenbait ingurumen-onura dakartza, hala nola emisioak, isurketak edo zarata gutxitzea; baita zenbait onura sozial ere, tokiko ekoizpenaren, produktu eta zerbitzuen ekoberrikuntzaren, gizarte-bazterketako arriskuan dauden kolektiboak gizarteratzearen eta ekitaldiaren beraren kultura-ekarpenarekin lotutako inpaktu ekonomiko positiboaren alde egiten duelako.

Finantzaketaren ikuspegitik, ingurumenaren aldetik jasangarritzat jotako ekitaldiek babes eta laguntza publiko onuragarriagoak eskura ditzakete; izan ere, erakundeek lehentasuna ematen diote beren marka indartzeko eta posizionatzeko aukera ematen duten balio positiboekin lotuta agertzeari.

Nola ziurtatu ekitaldi bat


Ihoberen web orrian eskuragarri dagoen eskuliburuaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kudeaketarako Sozietate Publikoak orientazioa ematen die ekitaldiaren plangintza-prozesu osoan inplikatuta dauden eragileei, hala ekitaldia antolatu aurreko faseetan, nola ekitaldia gauzatu ondorengoetan. Hala, ekitaldiak egin bitartean, aukera egongo da haien inpaktua aztertzeko, lortutako emaitzak jakinarazteko eta metodologia bera sistematizatzeko, etengabeko hobekuntza lortze aldera.

Horrela, ekitaldiak antolatzen dituen partikular edo enpresa orok Ihoberen webguneko Erronka Garbia – Ekitaldi Jasangarria atalean horretarako prestatutako inprimakia betez hasi ahal izango du doako ziurtapen-prozesua. Ildo horretan, eskabideak ekitaldia egiteko aurreikusitako eguna baino gutxienez bi hilabete lehenago aurkeztea gomendatzen da.

Ekitaldia antolatzeko fasean, erakunde sustatzaileek «Ingurumen-jasangarritasuneko plana» osatu beharko dute. Dokumentu horretan, ingurumen-xedeak betetzeko aurreikusitako jarduerak finkatzen dira, neurketa-metodoak ezarriz eta sentikortzeko bideak zehaztuz. Dokumentu hori Ihobe sozietate publikora igorri eta berori onartu ondoren, «Ingurumen-jasangarritasuneko planak» ekitaldia egiten den bitartean Erronka Garbia marka erabiltzeko eskubidea emango du. Bestalde, Ihobe sozietate publikoak, ekitaldia egin bitartean, erakundeak aurkeztutako planean zehaztutako jarduerak eta neurriak gauzatzen dituela egiaztatuko du.

Erronka Garbia – Ekitaldi Jasangarria metodologia amaitzeko, «Ekitaldiaren ingurumen-adierazpena» egiten da. Horretan, erakundeak berak ekitaldia amaitzean egindako txostenean oinarrituta, eta gardentasun-ariketa gisa, jardueraren ingurumen-helburu eta -xedeen, lortutako emaitzen, ekitaldian sortutako ingurumen-alderdi nagusien eta komunikazio- eta sentikortze-ekintzen berri emango da.

Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko apirilaren 7a
  • Ingurumen-plangintza
Apirilaren 16an hasiko da Ihoberen Ekosteguna ekimena, jardunean dauden langileak trebatzeko zikloa
2026ko martxoaren 26a
  • Ingurumen-plangintza
Euskadiko Ingurumen-koiunturari buruzko 2025eko txostenak aurrerapenak erakusten ditu aire eta deskarbonizazioaren arloetan, eta erronkak zehazten ditu ur eta biodibertsitatearen eremuetan
2026ko otsailaren 10a
  • Ingurumen-plangintza
Euskadiko industriak jasangarritasunerako trantsizioa bizkortu du, Ihoberen azken Industria Ekobarometroaren arabera
2025eko azaroaren 26a
  • Hondakinak
  • Ingurumen-plangintza
Josu Bilbao, Ingurumeneko Sailburuordea: “gero eta gehiago birziklatzen dugu, eta gero eta hondakin gutxiago botatzen dugu zabortegira”