Skip to main content
2026ko martxoaren 25a
  • Ingurumen-plangintza
  • Ekodiseinua

Eusko Jaurlaritza beste urtebetez atxikitzen zaio "Planetaren Ordua"ri

Eusko Jaurlaritza beste urtebetez atxikitzen zaio "Planetaren Ordua"ri

Eusko Jaurlaritza “Planetaren ordua” izeneko nazioarteko ekimenari atxiki zaio. Ekimenaren helburua da herritarrak klima-aldaketaren eta biodibertsitate-galeraren ondorioei buruz sentsibilizatzea. Horretarako, datorren larunbatean, martxoak 27, 20:30etik 21:30era bitartean, Ekoetxea Sareko eraikin guztietako argiak itzaliko ditu. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak kudeatzen du Ekoetxea Sarea, Ihobe Sozietate Publikoaren bitartez. Ekoetxea Sareak 4 ingurumen-zentro ditu: Ekoetxea Urdaibai eta Ekoetxea Meatzaldea, Bizkaian; eta Ekoetxea Txingudi eta Ekoetxea Azpeitia, Gipuzkoan.

WWF elkarteak (Naturarentzako Mundu Fondoak) sortutako eta antolatutako mundu mailako ekitaldia da “Planetaren ordua”. Sydneyn (Australia) jaio zen, planeta osoan zehar zabaldu da, eta irismen globaleko ingurumen-mugimendu handienetako bat bihurtu da. Ekimenaren bultzatzaileen ustez, “klima-aldaketaren eta biodibertsitate-galeraren aurkako munduko mugimendurik handiena” da; aurten, digitala izango da. Herritarrak eta eragileak jarduerarekin bat egitera animatzeko, Sailak sentsibilizazio-bideo labur bat zabaldu du sareetan, Ekoetxea zentroetako argien itzalaldia ikusteko.

PlanetarenOrdua_Ihobe

Gizarte zibiletik sortutako “Planetaren ordua” bezalako ekimenak martxan jartzeak ingurumen-erronken hedapen handiagoa lortzen laguntzen du, eta herritarrek parte aktiboa izan dezaten zuzenean eragiten dieten gaietan. Eusko Jaurlaritzak, karbono gutxiko ekonomia lehiakorra bultzatzeko duen ingurumen-konpromisoari esker, aurten ere mugimenduari laguntzearen aldeko apustua egin du, eta ez du zalantzarik izan harekin bat egiteko.

Aipatutako itzalaldiaz gain, Ekoetxea zentro bakoitzean familiei zuzendutako jarduera espezifiko bat garatuko da, energia-kontsumoarekiko eta klima-aldaketarekiko gure jokabideari buruz sentsibilizatzeko.

Zehazki, martxoaren 27an, larunbatean, Ekoetxea Urdaibaik “Kandelak biodibertsitatearen alde?” izeneko tailer bat antolatuko du 16: 30etik 18: 30era. Bertan, tailerreko parte-hartzaileek kandelak egingo dituzte erle-argizari naturalarekin, eta etxera eraman ahal izango dituzte “Planetaren ordua”n egingo den itzalaldian erabiltzeko. Jarduera honetan izena emateko 946870402 telefonora deitu edo info.urdaibai@ekoetxea.eus helbidera mezu bat idatzi.

Ekoetxea Txingudin, halaber, beste tailer bat egingo da 10:00etatik 14:00etara, hezeguneak klima-aldaketa arintzeko duen funtzioan arreta jartzeko. Hori guztia kandelen argitan egingo da, ekimenari sostengua erakusteko. Kasu honetan, 943619389 telefonora deituz edo ondorengo helbide elektronikora idatziz eman daiteke izena: info.txingudi@ekoetxea.eus

Larunbat horretan bertan, Ekoetxea Meatzaldean, tailer/erakusketa bat antolatuko da energia berriztagarriei eta beren aplikazioei buruz; ikuspegi ludikotik, parte-hartzaileak energia/klima binomioari buruz kontzientziatuko ditu. Jarduera 16:00etatik 18:30era izango da eta izena eman daiteke info.azpeitia@ekoetxea.eus posta elektronikoaren bidez edo 943812448 telefonora deituz.

Amaitzeko, igandean, martxoaren 28an, 12:00etatik 13:00etara, Ekoetxea Meatzaldeak “Lur planeta maite zaitut!” izeneko ipuin-kontaketa antolatuko du; bertan, klima-aldaketa, biodibertsitate-galera eta giza jarduerek ingurunean dituzten inpaktuak jorratuko dira. Izena emateko 946338097 telefonora deitu edo info.meatzaldea@ekoetxea.eus posta elektronikora idatzi behar da.

“Planetaren ordua” ekimenarekin bat egiteko eta gure etxeetako ohiturak aldatzeko jarduera-aukera zabala, beraz.



Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko apirilaren 23a
  • Ekodiseinua
Ihobek eta EHUk ekonomia zirkularrera bideratutako ekodiseinuko prestakuntza berria bultzatzen dute
2026ko apirilaren 7a
  • Ingurumen-plangintza
Apirilaren 16an hasiko da Ihoberen Ekosteguna ekimena, jardunean dauden langileak trebatzeko zikloa
2026ko martxoaren 26a
  • Ingurumen-plangintza
Euskadiko Ingurumen-koiunturari buruzko 2025eko txostenak aurrerapenak erakusten ditu aire eta deskarbonizazioaren arloetan, eta erronkak zehazten ditu ur eta biodibertsitatearen eremuetan
2026ko otsailaren 10a
  • Ingurumen-plangintza
Euskadiko industriak jasangarritasunerako trantsizioa bizkortu du, Ihoberen azken Industria Ekobarometroaren arabera