Skip to main content
2026ko urriaren 6a
  • Hondakinak
  • Ingurumen-plangintza

Komunitate zirkularrak sortzea, Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen 2021eko edizioaren ardatz nagusia

Komunitate zirkularrak sortzea, Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen 2021eko edizioaren ardatz nagusia
Euskadin, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoari –Ihoberi– dagokio Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea bultzatzea eta sustatzea, hiri-hondakinak koordinatzeko organoaren (HHKOren) idazkaritza tekniko gisa.

Erakunde guztiek eta herritarrek parte hartu behar dute «zero hondakin» helburua lortzeko

Aurten, kanpainaren bidez komunitate zirkularrak eratzeko sinergiak sortzea sustatu nahi da bereziki, hondakinen sorkuntza prebenitzeari begira. Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen jomuga baterako ekintza bat sustatzea da, hondakin-sorkuntza prebenitzeko lurraldeak eratzeko. Egun bizi dugun egoera gogorrean agerian geratu da komunitate txikiek zer eginkizun izan dezaketen kontsumo- eta ekoizpen-eredu jasangarriagoak lortzeko bidean.

Administrazioek eta erakunde publikoek, elkarteek eta GKEek, enpresek eta industriak, ikastetxeek edo herritarrek datorren azaroaren 12ra arte dute euren ekintza erregistratzeko. Ekintza Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen egunetako batean egin behar da gutxienez (2021eko azaroaren 20tik 28ra, biak barne). Irabazi-asmorik gabeko ekintzak izango dira eta nolabaiteko ekitaldi bat badira, sarrera doakoa izango da. Halaber, ekintzek Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen gaietako bat izan behar dute ardatz gutxienez: jatorrian murriztea; berrerabiltzea eta berrerabiltzeko prestatzea; hondakinak gaika bereiztea eta birziklatzea; eta garbitzeko ekintzak. Bestela, aurtengo gaia izan behar dute ardatz; hots, komunitate zirkularrak.

EAEn nola inskribatu Astean


EAEn, Hiri Hondakinak Koordinatzeko Organoak antolatuko du Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea. Horrek laguntza-zerbitzu bat jarriko du eragile interesdunen esku, izena emateko prozesua ahal den guztian errazteko. Eragileek jarduketaren deskribapen labur bat eman besterik ez dute egin behar. Gainerako kudeaketak Hiri Hondakinak Koordinatzeko Organoak egingo ditu. Bere webgunean ekintzak inskribatzeko informazio guztia dago.

EAEn aurkeztutako ekimen onenak aintzatespena jaso eta Europako sarirako hautagai bihurtuko dira

EAEn aurkeztutako hautagai guztietatik ekimen onenak hautatu eta aintzatetsiko dira. Aukeratutako lanak www.ocru.net orrian eta ekimenaren sare sozialetan ikusiko dira, edozein herritarrek izan dezan bozkatzeko aukera. Gainera, aukeratutako proiektuak Europako sarirako hautagai gisa proposatuko dira.

Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen helburuak honako hauek dira: batetik, sentsibilizatzea zenbateraino diren garrantzitsuak hondakin-murrizketa, produktuak berrerabiltzea, materialak birziklatzeko estrategiak eta Europar Batasunak eta estatu kideek alor horretan abiarazten dituzten politikak; parte-hartzaileek egindako lana nabarmentzea; Europako herritarrak mugiaraztea eta funtsezko ekintza behar duten gaietan kontzentratzera animatzea; eta alderdi interesdunen gaitasunak indartzea eta, horretarako, komunikazio- eta prestakuntza-baliabide espezifikoak ematea. Informazio gehiago hemen: www.ewwr.eu.

Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko uztailaren 15a
  • Hondakinak
Hondakinak Koordinatzeko Organoak plangintza bateratua indartu du Euskadi 2030eko helburuetan aurrera egiteko
2026ko uztailaren 13a
  • Ingurumen-plangintza
Ihobek hasiera eman die ingurumen-ebaluazioari aplikatutako adimen artifizialari buruzko tailerrerako inskripzioei
2026ko uztailaren 10a
  • Klima aldaketa
  • Hondakinak
Euskal herritarrek 9 tona hondakin baino gehiago bildu dituzte Let 's Clean Up Euskadi! kanpainaren inguruko ekimenetan
2026ko uztailaren 8a
  • Klima aldaketa
  • Hondakinak
Zero Zabor Uretan 2026ko ekimenaren zortzigarren edizioa abian da, eta jarduera berriak eta topaketak izango dira Euskadiko hainbat portutan