- Erosketa berdea
Kontratazio publikoan ingurumen-irizpideak integratzeko akats ohikoenak eta horiek nola konpondu
Haiek ekiditeko eta lizitazioen kalitatea hobetzeko, Ihobe sozietate publikoak akats ohikoenetako batzuk bildu ditu kontratazio-pleguetako ingurumen-irizpideen sarreran. Akats bakoitzari buruz egindako azterketan aipatzen da non dagoen arazoa eta nola konpondu daitekeen adibide zehatzak jarriz, eta dauden salbuespenak adierazten dira.
Praktikan, argitalpen honetan nabarmentzen diren bederatzi akatsek enpresa lizitatzaileei eragotzi diezaiekete eskaintzak aurkezten eta organo-kontratatzailearen premiei eta eskakizunei erantzuteko egiaztagiriak aurkezten; horrez gain, eskaintza horiek ebaluatzeko zailtasun handiagoak topatu daitezke, kontratazio edo adjudikazio pleguak aurkaratzeko arriskua areagotuz, epeak luzatuz eta gastu gehigarriak sortuz. Haietako batzuk nabarmentzen ditugu hemen.
Irizpideen definizio objektiboa, berariazkoa eta anbiguotasunik gabea
Oinarrizkoa da ingurumen-irizpideak modu objektiboan, zehatzean, gardenean eta anbiguotasunik gabe zehaztea. Ezin da produktu biodegradagarriez hitz egin estandarra zein den zehaztu gabe; edo sasoiko produktuez, aplikatzen zaion egutegia eman gabe, edo produktu ekologikoez edo ingurumena oro har errespetatzen duten produktuez. Zuzena izango zen berariazko arau eta estandarrak aipatzea, hain zuzen ere, hizpide dugun ezaugarria zehatz-mehatz definitzeko. Era honetako pleguak idazteko laguntza egokiak dira Ihoberen Erosketa eta Kontratazio Publiko Berderako Irizpideak, edo lehendik dauden ziurtapen ekologikoko arauak, estandarrak eta sistemak erabiltzea (Erosketan eta kontratazio publiko berdean ingurumen-ziurtagirien erabilerari buruzko gida praktikoa).Adibidez, herri-ekitaldi bateko catering-zerbitzurako lizitazio batean eskatzen bada hornitutako baxera eta mahai-tresnak biodegradagarriak/konpostagarriak izatea, edozein produktu aurkeztu liteke eta ezingo litzateke bereizi biodegradatzeko denbora asko behar duten edo zuzenean konpostagarriak ez diren materialen artean. Janari-hondarrekin batera hondakin gisa jaso ondoren material horiek konpostatzea bada lehentasun nagusia, eskatu beharko genuke hornitutako produktuak EN 13432 arauaren edo baliokidea den beste baten arabera konpostagarriak izan daitezela.
Idazterakoan akats bat egiten bada, adibidez "edo baliokidea" aipamena ez sartzea, kontratazioan ohikoena den beste akats bat sortzen da. Izan ere, nahitaezko aipamena da, eta Espainiako, Europako edo nazioarteko normalizazio-erakundeek egindako arauetan eta bestelako erreferentzia teknikoetan jasotako zehaztapen teknikoekin batera aurkeztu behar da, edo fabrikazio, jatorri, prozedura, marka, patentea, mota, jatorria edo produkzio jakin bati erreferentzia egiten diotenekin.
Ez eskatzea produktu bat ekoetiketa zehatz batekin ziurtatuta egon dadin
Ohiko beste akats bat da lizitazio batean ingurumen-irizpide gisa eskatzea obra, zerbitzu edo produktua ekoetiketa jakin batekin ziurtatuta egotea. Kasu horietan, ekoetiketan zehaztutako baldintzak betetzeari buruzkoak izan beharko dute klausulek, baina ekoetiketa hori betetze hori egiaztatzeko bitarteko bat baino ez da izango, eta etiketa baliokideak edo eskatzen diren betekizunak egiaztatzen dituen dokumentazioa onartu beharko dira.Hala, bulegoko papera hornitzeko lizitazio batean, ez zen zuzena izango hau eskatzea: Paperak FSC edo PEFC ekoetiketarekin ziurtatuta egon behar du. Idazketaren bertsio zuzen bat honako hau adieraztea izango zen: "Paper horrek gutxienez % 70 baso-ustiapen iraunkor eta/edo birziklatuetako egur-zuntzekin fabrikatuta egon behar du, FSC, PEFC estandarrak edo baliokideak definitutakoaren arabera. Frogabide gisa, honako hauek aurkeztu beharko dira: eskainitako paperaren fabrikatzailearen FSC, PEFC edo baliokideak diren zaintza-katearen ziurtagiriak, ekoetiketa agertzen den paperaren dokumentazio grafikoa edo baliokidetasuna frogatzen duen bestelako dokumentazioa".
Plegu teknikoaren eta administratiboaren arteko inkongruentzia
Oro har, lizitazio bat prestatzen denean, kontratatu beharreko produktuaren, obraren edo zerbitzuaren nahitaezko ezaugarri guztiak baldintza teknikoen pleguan definitzen dira, eta administrazio-klausulen pleguan, besteak beste, ekonomikoki onuragarriena den eskaintza konparatzeko eta hautatzeko balio behar duten adjudikazio-irizpideak definitzen dira, bai eta aurkeztu beharreko dokumentazioa ere.Akatsik ez egiteko gomendatzen da plegu teknikoan ez aipatzea eskaintzak hautatzeari eta adjudikazio-irizpideei buruzko alderdirik, eta administrazio pleguan bakarrik jasotzea.
Adibidez, eraikinak garbitzeko zerbitzurako lizitazio batean, agiri teknikoak honako hau jasotzen du: "Lehentasuna emango zaie garbiketa-produktuen aniztasun txikiagoa erabiltzen duten eta Europar Batasuneko Etiketa Ekologikoan edo baliokideetan definitutako substantzia arriskutsuen irizpideak betetzen dituzten eskaintzei", baina, geroago, administrazio-pleguak honako hau baino ez du jasotzen: "Substantzia arriskutsuen irizpideak betetzen dituzten garbiketa-produktuen ehunekoa baloratuko da". Akats hori zuzentzeko modurik onena izango zen plegu teknikoan baloratu beharreko alderdirik ez aipatzea, eta soilik administrazio-pleguan sartzea, edo bi pleguen idazketak bateratuta egon daitezen egokitzea.
Puntuazio eta balorazio zuzena
Definizioaren zehaztasunaz gain, adjudikazio-irizpideek beti jaso behar dituzte pleguan horien puntuazioa eta banatzeko modua, formula bidez edo balio-judizioko parametroen arabera.Horrenbestez, erakunde publiko baten elikadura-zerbitzurako lizitazio batean, adjudikazio-irizpideen artean ezartzen dira: "Elikagai iraunkorragoak: gehienez, 20 puntu", eta adierazten da elikagai iraunkorrak direla 834/2007 Erregelamenduaren edo ondorengoen arabera nekazaritza ekologikotik sortutako produktuak".
Adibide horretan, irizpidea behar bezala definituta dago, baina akatsa da balorazioa egiteko parametro zehatzak falta direla. Ez da adierazten zer den ehunekoa (pisuaren edo produktu-kopuruaren arabera, adibidez), ebaluaziorako zer hartuko den oinarri (produktuen zerrenda bat, asteko edo hileko menu-proposamen bat, etab.), ezta puntuak nola banatuko diren ere (mailaka edo formula bidez).
Kontratazioen beste ohiko akatsetako bat izan ohi da, ingurumen-irizpidea izateagatik, interpretaziorako irekita dagoela uste izatea eta balio-judizio bidez baloratu behar dela. Egia esan, irizpide horiek, neurri handi batean, oso teknikoak eta zehatzak dira, eta ahalik eta modu objektiboenean idatzita daude; formula bidez automatikoki baloratzen dira. Balorazioaren bereizketa hori egiten laguntzeko,honi buruzko Ihoberen dokumentua kontsultatu daiteke: Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdea.
Ingurumen-kudeaketako sistemak: balorazio plusik eta kaudimen irizpiderik ez
Halaber, ez da egin behar enpresa lizitatzaileek ingurumen-kudeaketako sistema ziurtaturen bat dutela baloratzeko akatsa. Sektore Publikoko Kontratuen Legeak kaudimen gisa aurreikusten duen bakarra da enpresak kontratua gauzatzean aplikatu ahal izango dituen ingurumen-kudeaketako neurriak adieraztea, eta uste du lizitatzaileek kalitate-ziurtagiriak izatea ingurumenekoa barne baloratzeak ez duela aukerarik ematen eskaintzen ebaluazio konparatiboa egiteko eskatutako prestazioari dagokionez. Arrazoi hori dela-eta, ingurumen-kudeaketako sistemak zeharka aintzat hartu behar dira, zerbitzua gauzatzeko orduan enpresek ezarriko dituzten alderdi, prozedura eta neurri zehatzak baloratuz.
Adibidez, urbanizazio-obra baterako lizitazio bat; lizitazio horretan, balorazio automatikoa adjudikatzeko irizpide gisa ezartzen da enpresa lizitatzaileek EMAS ingurumen-kudeaketako ziurtagiria edo baliokidea izatea.
Lizitazio hori zuzendu liteke, balio-judizio bidezko balorazio-irizpide gisa bi aukera hauetako bat ezarriz, esate baterako: "Obrak gauzatzean lizitatzaileek aplikatuko dituzten ingurumen-kudeaketako eta -jarraipeneko neurriak, erabilitako eragiketek, ibilgailuek eta makinek eragindako hauts- eta zarata-emisioei dagokienez, eta hondakinen sorrera minimizatzeari, gaikako bilketari eta kudeatzaile baimenduek behar bezala kudeatzeari dagokienez. Horretarako, ingurumen-kudeaketako memoria bat aurkeztu beharko da, proposatutako neurrien zerrenda eta deskribapena jasoko dituena, bai eta horietako bakoitzaren ezarpena ziurtatzeko jarraipen-prozedurak ere".
Edo besterik gabe, lizitatzaileek obrak gauzatzean aplikatuko dituzten ingurumen-kudeaketako eta -jarraipeneko neurriak. Xede horrekin, ingurumen-kudeaketako memoria bat aurkeztu beharko da, kontrolatuko diren ingurumen-alderdiak, horretarako proposatutako neurriak eta horietako bakoitzaren ezarpena ziurtatzeko jarraipen-prozedurak zehaztuta".
Ildo berean, legeak kaudimenaren atalean eskatzen uzten du ingurumen-kudeaketako sistemen ziurtagiriak aurkeztea, baina soilik froga-neurri gisa, eta ez irizpidezko neurri gisa. Beraz, eskatu daitekeena da erakustea enpresa lizitatzaileek gaitasuna dutela kontratua gauzatzean ingurumen-kudeaketako neurriak aplikatzeko, ingurumen-kudeaketako sistemen ziurtagiriekin edo baliokideekin egiaztatuta.
Azkenik, legez nahitaezkoa da administrazio-klausula zehatzen pleguan gutxienez baldintza berezi bat zehaztea, ingurumen-, gizarte- edo berrikuntza-arlokoa. Erosketa Berdean egindako akatsa da baldintza berezi gisa prestaziorako funtsezkoa den klausula bat sartzea; beraz, zehaztapen teknikoa izan beharko luke, eta lizitatzaileek aurkeztu beharreko eskaintzetan parte hartu.
Iturria:Ihobe
