Skip to main content
2026ko abenduaren 15a
  • Klima aldaketa

Trantsizio energetiko eta klimatikoko gastuaren ekarpenak goranzko joera du EAEko aurrekontu orokorren barruan

Trantsizio energetiko eta klimatikoko gastuaren ekarpenak goranzko joera du EAEko aurrekontu orokorren barruan

EAEk gida bat du EAEko aurrekontu orokorretan trantsizio energetikoaren eta klimatikoaren ikuspegia txertatzeko

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak, Ihobe sozietate publikoaren bitartez, “EAEko aurrekontu orokorretan ikuspegi energetikoa eta klimatikoa txertatzeko gida metodologikoa” prestatu du, Energiaren Euskal Erakundearen eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Aurrekontu Zuzendaritzaren laguntzarekin. Gida karbono gutxiko ekonomietarantz aurrera egiteko eta klima-aldaketaren aurreko erresilientzia indartzeko premiak markatutako testuinguru batean sortu da. Lan-esparru argia, trazagarria eta errepikagarria jasotzen du, finantza-plangintza publikoa EAEk hartutako konpromiso klimatikoetara bideratzeko. 

Dokumentuak gidalerroak biltzen ditu deskarbonizazioari eta klima-aldaketara egokitzeari lotutako aurrekontu-partidak identifikatzeko eta sailkatzeko, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren 1/2024 Legeak ezartzen duen bezala, eta trantsizio energetikoaren eta klimatikoaren ikuspegia % 1,9an balioesten du aurrekontu orokorretan.

Aurrekontu klimatikoak funtsezko tresna bihurtu dira azken urteotan, politika publikoak klima-aldaketa arintzeko eta hartara egokitzeko helburuekin lerrokatzeko. Gastu publikoaren klima-inpaktua identifikatu, sailkatu eta ebaluatzea da haren funtzioa, baliabideak trantsizio energetikoa eta klimatikoa erraztuko duten jarduketetara modu eraginkorragoan esleitzen lagunduz. 

Ildo horretan, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren 1/2024 Legeak 61. artikuluan ezartzen duenez, ikuspegi hori aurrekontu orokorren lege-proiektuan txertatu, eta urteko aurrekontuen % 2,5, gutxienez, ekintza klimatikorako neurrietara bideratu behar da. 

Orain argitaratutako gida, hain zuzen ere, manu horrekin dator bat. Batez ere, Ogasun eta Finantza Saileko aurrekontuak egiteko ardura duten taldeei dago zuzenduta, bai eta EAEko sektore publikoko beste arlo eta erakunde batzuei ere. Gidaren helburua aurrekontu orokorren etiketatze energetiko-klimatikorako dokumentu metodologikoa izatea da, erakundeek beren partidak trantsizio energetiko eta klimatikoari egiten dioten ekarpenaren arabera identifikatu eta sailkatu ahal izatea erraztuz. 

Horrez gain, trantsizio energetikoaren eta klimatikoaren ikuspegiaren lehen balioespena egiten du 2023, 2024 eta 2025. urteetarako aurrekontu orokorretan. Goranzko joera nabari da, hauek baitira trantsizio horren aldeko partidak: % 1,5, % 1,7 eta % 1,9, hurrenez hurren.

Proposatutako ikuspegiari esker, gainera, hobetzeko aukerak detektatu ahal izango dira, bai eta baliabideak are gehiago bideratu ere deskarbonizatzen eta lurraldeak erresilientzia handiagoa izaten lagunduko duten neurrietara. Era berean, metodologiak finantzaketa-arrakalak identifikatzen eta kanpo-baliabideetarako —publikoak nahiz pribatuak— sarbidea hobetzen lagun dezake, Eusko Jaurlaritzak klimaren arloko jarduketak batera finantzatzeko konpromisoa duela eta horretarako gai dela erakusten baitu. 

Gida horrekin, EAE aurrera doa plangintza ekonomikoa 2050. urtea baino lehen neutraltasun klimatiko lortzeko helburuekin bat datorrela eta lurraldeak klima-aldaketaren aurrean egokitzeko duen gaitasuna indartzeko konpromisoa bermatzen duten tresnen garapenean.


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko uztailaren 24a
  • Klima aldaketa
  • Herritarren ekintza
ASTEKLIMA 2026k euren ohiturek kliman eta energian duten inpaktua ezagutzera gonbidatzen ditu herritarrak
2026ko uztailaren 10a
  • Klima aldaketa
  • Hondakinak
Euskal herritarrek 9 tona hondakin baino gehiago bildu dituzte Let 's Clean Up Euskadi! kanpainaren inguruko ekimenetan
2026ko uztailaren 8a
  • Klima aldaketa
  • Hondakinak
Zero Zabor Uretan 2026ko ekimenaren zortzigarren edizioa abian da, eta jarduera berriak eta topaketak izango dira Euskadiko hainbat portutan
2026ko ekainaren 30a
  • Klima aldaketa
BIK 2050 proiektu europar handi baterantz egiten ari da aurrera Bilboko itsasadarra klima-aldaketara egokitzeko