Dokumentazioa
Ihobe Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saileko Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak ekimen ugari egin zituen 2025ean Euskadiko energia eta klima trantsizioa bultzatzeko, erakunde horrek argitaratu duen memorian jasotzen denez.
“Euskadi eraldatzeko urtebeteko ekintza” izenburupean argitaratu da, eta bertan agertzen diren jarduera-adierazle nagusiek eta emaitzek Ihobek hainbat arloetan egin zuen lanaren irismena adierazten dute. Hala, erakundeak 639 ekintza bultzatu zituen udalerri eta erakunde publikoetan, 2.267 enpresa mugiarazi zituen eta 2.670 profesional trebatu zituen.
Ihobek 2025ean herritarrak sentsibilizatzeko eta aktibatzeko ekintza ugari ere egin zituen. 4.000 pertsona inguruk hartu zuten parte Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astean (ASTEKLIMA) eta Euskadiko Ingurumen Zentroen Sareak (Ekoetxea) 132.611 bisitari izan zituen.
Sozietate publikoaren 2025eko memorian jarduera-adierazle nagusiak eta emaitzak biltzen dira. Horiei esker, erakundeak ekonomia zirkularra, ekintza klimatikoa, lurzoruak leheneratzea, hondakinak saihestea eta ingurumen-sentsibilizazioa sustatzeko duen zeregina indartu egin da, Euskadiko energia eta klima trantsizioaren esparruan
Bere xedearekin bat etorriz, Ihobek Euskadiren erresilientzia eta lehiakortasuna hobetzeko lan egiten du. Horretarako, klima-trantsizioari lotutako erronka nagusietan egiten du lan eta jasangarritasuna politika publikoetan eta jarduera ekonomikoan sartzen laguntzen du. Ihoberekin batera lan egin duten erakundeek gogobetetze-maila handia erakutsi dute; oro har, % 92ko gogobetetzea adierazi dute, jasotako zerbitzuei dagokienez.
Alexander Boto Bastegieta Ihobeko zuzendari nagusiak, hau adierazi du: “Ihoberen jarduerak bultzada nabarmena izan du, eta erreferentziazko ingurumen-agentzia gisa dugun zeregina sendotu egin da”. Bereziki nabarmendu du lurraldeko enpresa, administrazio eta eragileekin batera egin duen lana.
Ihobek 2025ean arlo estrategikoetan egin zuen lan, hala nola klima-ekintza, ekonomia zirkularra, ekoberrikuntza, herritarren ekintza, lurzoru kutsatuak, hondakinak eta tokiko jasangarritasuna.
Ekitaldiaren mugarri nagusiak
Ekitaldiaren mugarri garrantzitsuenen artean, 2025eko apirilean egin zen Basque Circular Summit ekitaldia nabarmentzen da, Europaren hegoaldean egiten den ekonomia zirkularrari buruzko ekitaldirik handiena, hain zuzen ere. Bilera horretan Estatu osoko enpresak bildu ziren, eta zirkulartasunaren arloko adituek parte hartu zuten, eta horrek hainbat herrialdetako profesionalak erakarri zituen.
Gainera, 2025ean “Euskadiko ingurumen egoera” izeneko lehen txostena argitaratu zen. Dokumentu horretan lurraldeko ingurumen-adierazle nagusiak bildu eta aztertu ziren. Azterlan horretan, Euskadiko ingurumenaren egoeraren ikuspegi zientifikoa eta bisuala agertzen da, ingurumenarekin lotutako bederatzi gaien inguruan: klima aldaketa, ura, airea, lurzoruak, biodibertsitatea, biodibertsitatea, ekonomia zirkularra, hondakinak, ekonomia eta ingurumena eta herritarrak.
Klima-ekintzaren arloan, “Euskadiko klimaren egoera 2025” lehen txostena aurkeztu zen, Euskalmeten laguntzarekin egina. Dokumentu horrek lurraldeko klimaren bilakaera aztertzen du, erregistro historikoetan eta datu berrietan oinarrituta, nazioarteko eta eskualdeko informazio zientifikoa jasotzen du eta kliman gertatu diren aldaketen ikuspegi globala ematen du.
Bestalde, Ekoetxea sarea ere indartu zen, Añana-Sobron Ekoetxea ireki zelako. Ekoetxea Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-hezkuntzako zentroen sarean sartu zen, eta ura du ardatz nagusi.
Ekitaldian zehar bultzatutako ekimenen artean, nabarmentzekoa da naturan oinarritutako konponbideei buruzko lantalde bat martxan jarri zela. Lantaldea administrazio publikoek, ikerketa-zentroek, unibertsitateek eta enpresek osatzen dute, eta Euskadin horrelako konponbideak sustatzea du helburu.
Herritarren ekintzari dagokionez, Euskadiko Klimaren eta Energiaren Asteak (ASTEKLIMA) 2.700 pertsona baino gehiago bildu zituen. 138 ekintza egin ziren -informazioa emateko ekintzak, ingurumen arazoaz jabetzeko ekintzak eta esperientzia praktikoak-, herritarrek klima-aldaketaren ondorioak ezagutzeko eta horiek saihestu ahal izateko, eta 87 erakunde publiko eta pribatuek hartu zuten parte.
Azkenik, urrian, kutsatutako lurzoruei buruzko Autonomia Erkidegoen XV. Foroa antolatu zuen Ihobek. Topaketa tekniko horretan, hainbat lurraldetako hogei aditu elkartu ziren, lurzoruaren babes arloko aurrerapenak, erronkak eta esperientziak partekatzeko.
Elkarreko lana eta sareak
Ihoberen 2025eko Memoriak aliantza-sare sendoa nabarmentzen du: ACLIMA, BC3, Confecbask, Orkestra, Euskalit, Neiker, EHU, APIA, Kazetarien Euskal Elkargoak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia. Erakunde horiekin batera, Ihobek Euskadin energia eta klima trantsizioa bultzatzeko gaitasuna indartzen du.
Udalsarea 2030 Udalerri jasangarrien euskal sareari dagokionez (Ihobe da sare horretako idazkaritza teknikoa), urteko txostenak sare horretako adierazle nagusiak aztertzen ditu. Horien artean nabarmentzen da EAEko 53 udalerri Klimaren eta Energiaren aldeko Alkatetza Itunari atxikita daudela, 127 udalerrik Klima eta Energia Plana dutela, eta 23 udalerritan naturan oinarritutako konponbideak ezarri direla.
Gainera, gogorarazi egiten du Ihobek nazioarteko proiektu europarretan parte hartzen duela: Urban Klima 2050, Octopuss, Regions4Climate, Pyrenees4Climate eta Next Generation Budgets. Proiektu horien bitartez, konponbide berritzaileak garatu, errepikatu daitezkeen esperientziak transferitu (klima-aldaketarako egokitzapena, aurrekontuen jasangarritasuna, ingurumen-gobernantza eta berrikuntza publikoa bezalako arloetan) eta ezagutza partekatu nahi dute.
Iturria:Ihobe